Aurten, eta bigarren aldiz, Ibai Gonzalezek bete du San Migelen papera eta goizeko hamaiketan jantzi zuten Santa Ana antzokian. Horren ostean, apostoluak jantzi zituzten. Prozesioaren protagonistak janzten ziren bitartean, Joxean Larrañaga parrokoaren eskutik, San Migel parrokian ospatu zen meza nagusia, non lagun asko bildu ziren. Dantzariak aldaeran egin zuten ohiko dantzarekin eman zitzaion amaiera mezari eta ondoren, prozesioari ekin zitzaion; tradizioa jarraituz, horrek dakarren ohiko elementu guztiekin.
Oso egun berezia da Corpusekoa oñatiarrentzat eta horregatik, asko izan ziren kalean bildu zirenak prozesioa ikusteko. Eta, beroa gailendu zen arren, herritarrak asko disfrutatu zuten tradizio honetaz.