'Instant1ean': nerabeen artean teknologia digitalaren erabilera egokia sustatzeko programa, Oñatin

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 30a, 10:37

Oñatiko 'Instant1ean'programako kartela

Instant1ean programa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, lurraldeko zenbait udalekin garatzen duen Kultura Digitala ekimenaren barruan dago. Gipuzkoako gaztelekuak programara atxikitzeko aukera dute, eta Oñatiko Udalak parte hartu nahi izan du.

'Instant1ean'

Programak teknologia digitalaren eta, bereziki, sare sozialen erabilera egokia sustatu nahi du nerabeen artean. Instant1ean-en ardatza argazkien eta bideoen lehiaketa da, Gipuzkoako 13 eta 17 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta. Bakarka edo taldean parte hartu ahal dute gazteek, eta Instagram izango da egindako lanak erakusteko euskarria.

Oñatiko gaztelekuak "parte-hartze aktiboa" izan du programa honetan, eta Udalak jakinarazi duenez "dagoeneko 566 irudi aurkeztu dira lehiaketan". Emaitzak ekainaren 10ean emango dira jakitera.

Guraso eta hezitzaileentzako hitzaldiak

Nerabeei eta teknologia digitalei buruzko hitzaldiak antolatu ditu Foru Aldundiko eta Oñatiko Udaleko Haur eta Gazteria sailak. Hitzaldiak DBH eta Batxilergoko gurasoei zuzenduta egongo dira, eta UPV-EHUko Fishernet Hezkuntza Teknologia Taldeko kideek emango dituzte. Lehen hitzaldia Jon Altunak eta Nere Amenabarrek emango dute ekainaren 1ean, gaztelekuan, 19:00etan.

 

Hitzaldia
Nerabeak eta teknologia digitalak: erabilera arduratsu baterako bidean.

Laburpena: Teknologia digitalen erabilerak, abantaila ugari ekartzeaz gain, arrisku batzuen aurrean jartzen gaitu, ezinbestean, esate baterako: Ciberbullying-a, Sexting-a, edo Grooming-a, besteak beste. Teknologiaren erabilera desegokiei buruz hainbat ikerketa egin ondoren, jakin badakigu nerabe batzuk bereziki kalteberak direla arrisku horien aurrean, batzuetan arauak bete gabe eta erabilera-gomendioei kasurik egin gabe aritzen direlako. Horregatik, behar-beharrezkoa da guraso eta hezitzaileok esku hartzea, era hezitzailean, gazteek eta nerabeek Internet eta sare sozialak arduraz erabil ditzaten lortzeko.


* Fishernet Hezkuntza-Teknologia UPV/EHUko irakasle hauek osatzen dute: Nere Amenabar, Jon Altuna, Juan Ignacio Martínez de Morentin eta Arkaitz Lareki.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak