Sherpa Capital funtsak Cegasako negozio lerro batzuekin jarraitzeko proiektua aurkeztu du, eta hain zuzen, horregatik onartu du Sherparen eskaintza Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak. "Bizkaiko beste enpresa baten eskaintza ere bazegoen, baina horiek ez dute lanpostuak mantentzeko konpromisoa erakutsi, bakarrik negozioa gura zuten", azaldu digu Jose Luis Fernandez Oñatiko langileen batzordeko kideak.
131 langilerendako lana
Cegasa berrian 131 langilek jarraituko dute lanean: langile horiek izango dira Oñatiko lantegiko denak eta Gasteizko beste 65 inguru. Modu honetan, enpresaren jatorria den lantegiak aurrera jarraituko du. Energiarekin, argiarekin, manganesoarekin eta energia sistemen negozioarekin ekingo dute enpresa berria. "Cegasa izenarekin jarraituko dugula esan digute, baina zein abizen jarriko diguten ez dakigu oraindik", azaldu du Fernandezek.
Beste 224 langilek eta Cega Multidistribucioneseko 100 langilek kalean geratzeko arriskua dute. Cega Multidistribuciones Cegasako lantegia da, baina ez da Cegasa Internacional taldekoa. "Logistikaz arduratzen dira Cegan. Azkarrek Cega hartuko du, eta han lan egiten duten 100 bat langileetatik 28 Azkarrera pasako dira", azaldu du Fernandezek. Gainerakoak kalean geratuko dira.
Kalte ordain "txikiak"
Kalean geratuko diren langileek "kalte ordain txikiak" jasoko dituzte. "Ez dago dirurik. Negozio batzuk saltzeko asmoa zegoen, baina ez direnez saldu ez dago dirurik", azaldu du Jon Kortabarria Oñatiko langileen batzordeko kideak. Hala, Fogasako dirua jasoko dute, baina ziurrenik, ez dute legez jaso beharrekoa jasoko.
Lanean jarraituko dutenek, aldiz, gaur egungo baldintzetan jarraituko dute urtebetez, salbuespen batzuekin: urtean 40 mila eta 50 mila euro bitartean irabazten dutenek %10 gutxiago jasoko dute; 50 mila eta 90 mila bitartekoek %15 gutxiago; eta, 90 milatik gora irabazten dutenek %20 gutxiago.
"Oñatiko langileek arnasa hartu dugu. Esan daiteke pozik gaudela baina ez gaude ospakizunetarako", nabarmendu du Fernandezek.
Aurtengo martxoan jo zuen Cegasak konkurtsora.
Batzarra langileekin
Gaur arratsaldean berriro ere batzartuko dira Sherpako ordezkariak eta langileak.