EREan sartu izanaren arrazoiak dira ekonomikoak eta produkzioarekin lotutakoak; konkurtso-administratzaileak zer egin erabaki bitartean, enpresak aukera izan dezan lan jardunarekin lotutako erabakiak hartzeko. EREak talde guztiari eragingo dio eta lan jardunaren murrizketa ekarriko du.
Langile batzordeak gaur batu dira langileekin, bai Oñatin eta baita Gasteizen ere. Gaurko batzarretan jasotakoekin balorazio bat egin ostean egingo dute langile batzordeek agerraldia, hurrengo pausuen berri emateko. Oñatiko lantegiko batzarraren ostean kezka nabari bazen ere, lasai agertu dira langileak. Izan ere, lanean buru-belarri dabiltza eta tentsioa nabari den arren, "azken atea itxi barik" ikusten dute. Oraingo langileak ez ezik, aurre-erretiratu batzuk ere izan dira Batzarrean eurei ere eragiten baitie lantegiaren etorkizunak.
Datozen egunotan lanean jarraituko dute, izan ere, berretsi dute lan karga badutela eta handia gainera. Arazoa da lehengaiak erosteko dirua falta dela. Hain zuzen ere, 100 millioi euroko zorra du enpresak. Langile batzordeak esandakoaren arabera, bi konkurtso-administratzaile izendatuko dituzte. Lehenbailehen izendatzea komeni da gainera, likidezia falta hori dela-eta.
Bideragarritasun planari dagokionez, helburua da bideragarri diren lan-lerroei eutsi ahal izatea. Banketxeek, baina, zirkulanterik ez die ematen.