Inauterietan ere LEKAIXOKA! arituko gara

Erabiltzailearen aurpegia Kilometroak 2017 Oñati 2017ko ots. 20a, 13:35
Oñatiko Inauteriekin bat egingo du Kilometroak eta jaia alaitzeko ekintza desberdinak antolatu ditugu zapatarurako.

Goiz eta arratsaldez Kilometroaken aldeko txosnak jarriko dira edari zein pintxoekin. Goizeko 11:30etatik aurrera Portuko plazatxoan zabalduko da txosna eta Oñatz Dantza Taldekoek antolatutako kalejirak ere bertan geldialditxoa egingo du. Parte hartzaile zein ikusleek indarrak berreskuratzeko aukera izango dute beraz Portun eguerdi partean.

Arratsaldean aldiz, txosna Oñatiko plazara mugituko da. Plazan bertan Odriozola harategiak eskainitako saiheskia erreko da eta ondoren, 19:00etatik aurrera saiheski pintxoak dastatzeko aukera egongo da.

LEHIAKETA BEREZIA GOIZEAN

Baina txosnaz gain, lehiaketa berezia antolatu dugu zapaturako. Goizeko 10:00etatik 14:30etara bitartean, makina bat alditan Txantxiku Ikastolako Olentzerori laguntzen aritutako astoa plazan izango da ikusgai. Astoaren pisua asmatzea izango da zapatu goizeko erronka. Horretarako, euro baten truke, astoaren pisua zein den esanaz txartel bat bete ahal izango da plazan bertan. Eguerdiko 14:30ean jakingo dugu astoaren pisua eta irabazlea nor izango den. Saria, Oñatiko Txanda elkarteko dendetan erabiltzeko 50€-ko erosketa bonoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak