goiena.eus

Azkeneko udal plenoaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia
Azaroaren 29an, Udalbatzaren bilkura egin zen Arrasaten. Hasieran, hirigintzako hainbat gai landu ziren, adibidez, Zabaleta esparruko urbanizazio planarekin lotuak edota telefonia mugikorreko Garaia guneko antenekin. Eta, ondoren, kreditu aldaketen eta udal aurrekontuaren exekuzio egoeraren berri eman zen, azpimarratzeko ezer berezirik gabe. Akaso esanguratsuena da hainbat proiektu abiatu gabe daudela oraindik udal sail ezberdinetan, gobernua berandu ibili delako aurreikusi zitezkeen lanak egiten. Mozioen arloan, bi gai nagusi. Bata, Udala eta laikotasunarekin lotua. EH Bilduko zinegotziok Irabazi-Baleikeren mozioa babestu genuen, non adierazten zen Udalaren akonfesionaltasuna eta udal ordezkari eta langileok gure kargu-lanpostu izaeran ekimen erlijiosotan parte ez hartzeko asmoa. EH Bilduk uste du hori dela bidea, laikotasuna dugu helburu, eta arlo pribatuan erlijio askatasuna defendatzen dugun moduan arlo publikoan gauza batzuetan aurrerapausoak eman behar direla. PSOEk ere babestu zuen mozioa eta, horrenbestez, 21etik 13 botu izan zituen alde. Arlo honetan, EAJ-k "kontramozio" bat aurkeztu zuen "herriko kulturaren parte diren usadioen alde". Noski, San Joanetako Salvea moduko ekitaldi erlijiosoak "usadio" moduan aurkeztu nahi izan zizkiguten. Guk kritikatu egin genuen usadioen defentsa akritiko hori, usadioak usadio izatearren ez direlako zertan mantendu (alardearen adibidea hor da), eta hainbat adibide jarri genituen gure postura defendatzeko. Azkenean, harrigarriki, PSOEk ere kontramozioa onartu zuenez, 11 botu izan zituen alde. Beraz, orain kontraesankorrak diren bi mozio ditugu, ea nola soluzionatzen duten hau orain arazoa sortu dutenek. Bigarren mozioa "azpikontratazio-behatokiari" buruzkoa izan zen.

Irabaziren mozioa ËH Bilduk babestu egin zuen, nahiz eta akaso gaur egun jada badiren guneetan (Pertsonal-enplegu batzordeak eta Kontratazio mahaia) aldaketak eginez lor daitekeen helburua. Hau da, Udalak azpikontratatutako zerbitzuetan langileen eskubideak gauzatzen direla egiaztatzea, besteak beste.

Amaitzeko euskararen eguneko adierazpen instituzionala, aho batez babestua izan zena. Goienako kazetari batek nabarmendu zuen moduan, paradoxa izan zen batik bat gazteleraz egin zen pleno batean adierazpen hori egitea. Zoritxarrez ohituak gaude horretara eta eskertzen dugu ikusleek arreta jartzea gai hauetan.

PD: Egon zen Fidel Castroren aldeko hitz eta txalorik ere, Gora Fidel!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa