goiena.eus

Urtero legez, mahaiaren bueltan elkartuko dira emakumeak

 Leintz Gatzaga

Atzo, eguaztena, dokumental emanaldia izan zen, Sorginak taldeak antolatuta; bihar, Soran etxean bazkalduko dute.

Urtero legez, mahaiaren bueltan elkartuko dira emakumeak
Iazko bazkarian izan zirenen talde argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzo, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Buen vivir dokumentalaren emanaldia izan zen kultura etxean, eta gero solasaldia egin zuten luntxaren bueltan. Dokumentalak Guatemalako komunitate indigenetako mugimendu feminista jorratzen du, eta bertako indigena talde batek egina da, hain zuzen.

Gainera, bihar, egubakoitza, Guatemalako indigena kooperatiba bati buruzko erakusketa jarriko dute Kultur Etxean, eta 12 egunez egongo da ikusgai.

Bihar, zapatua, Sorginak emakume taldeak bazkaria egingo du, urtero moduan. Soran Etxean izango da, 14:30ean. Bazkalaurretik txikiteoa egingo dute, ordu bata aldean elkartuta.

Lagunarteko hitzordua

30 lagun inguru batuko dira mahaiaren bueltan, adin guztietakoak, gainera: bai 20 urteren bueltan daudenak, baita 96 urte beteta dituztenak ere.

"Herriko emakumeak elkartu, gertukoen kontuak entzun eta haiengandik ikasteko" egiten dute bazkaria. Sorginak taldearen urteroko hitzordu jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa izan ohi da, eta urte asko daramatzate ekimenarekin, taldearen sorreratik bertatik.

 Bazkalostea Humberto disko jartzailearen musikak girotuko du, Soran Etxean bertan.

Korrikako arropak salgai

Bestalde, egun berean, martxoak 11, aurtengo Korrika ekimeneko arropak saltzeko postua jarriko dute frontoiko arkupeetan, 11:00etatik aurrera. Materiala bertan probatu eta erosteko aukera bakarra izango da. Aurrerantzean, Internetez bakarrik erosi ahal izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa