Lehenengo emanaldia bihar izango da, 22:30ean, Gorosarri plazan. Aukeran dantza konpainiako kideak igoko dira oholtzara. Euskal eta munduko folklorearen erritmo, doinuak-eta fusionatuz, ikuskizun garaikide, ezberdin eta berritzailea eskainiko dute Edu Murumendiarazen gidaritzapean.
Zapatuan, berriz, El Trio De Medianoche Eibarko taldea izango da, 22:30ean, Zaldibar antzokiko plazan. Boleroak, rantxerak… halakoak eskainiko dituzte. Eguraldiak laguntzen ez badu, aldiz, lehenengo emanaldia frontoian egingo da eta bigarrena, Zaldibar antzokian.
Leku berriak aurtengo egitarauan
Uztailean, guztira, sei emanaldiz osatu dute egitaraua. Hala ere, irailean kontzertu sorpresa izango da. Hala azaldu du Juan Luis Zubizarreta. Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak: "Ekitaldi guztiak 22:30ean hasiko dira. Datorren astebukaeran, ekitaldi bakarra dugu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Gernika Plazan izango dena. Uztailaren 21ean, De Pedro –Huhezin– ekitaldi nagusia izango dena, eta bost euro ordaindu beharko dena. Uztailaren 22an Akatz –Fernando Eskoriatza plaza– eta Dorleta Kortazar uztailaren 28an, Villa Epifanian. Azken hau ere Gorosarri plazarekin batera leku berri bat dena aurtengo egitarauan. Hori uztailari dagokionez".
Irailean kontzertu sorpresa
Irailaren 1eko kontzertu sorpresa ez dute oraindik esan nahi izan, zein izango den, baina aurrerapen txiki bat behintzat egin du Zubizarretak: "Hotela tabernan izango da eta bailarako talde bat izango da, orain batu berri direnak, eta talde famatu baten bertsioak egingo dituzte".