"Pozik eta oso giro onean" igaro dituzte jaiak Elgetan, Ibon Unzetabarrenetxea alkatearen ustez. Eguraldia lagun izan da eta adin tarte guztiek gozatzeko moduko festak izan dira. Jai batzordea hilaren 21ean elkartuko da balorazioa egiteko. Unzetabarrenetxeak "herritar guztiak" gonbidatu ditu edozein iradokizun edo ekarpen egitera.
Txosnagunea kudeatu duen Gazte Asanbladak ere lehen balorazio positiboa egin du. "Jaiak ondo joan dira. Eguraldiak lagundu egin du eta txosnagunean jende asko ibili da. Uste genuena baino gehiago", azaldu du Gazte Asanbladako kide Unai Andresek. Haren iritziz, barikuan ibili zen jende gehien. "Orduan etorri ohi da jendea inguruko herrietatik, eta txosnagunean ere nabaritu genuen", esan du. Herritarrek txosnaguneak antolatutako ekintzetan parte hartu dutela esan du, eta eskerrak eman dizkie.
Fantasiazko mozorroak
Mozorro Egunarekin eman zioten hasiera elgetarrek Ferixa Nagusiko jaiei. Mozorrotzeko gaia egon da aurten ere, eta Fantasia izan da gai hori. Alkateak azaldu du azken urteetan mozorrotzeko joeran nabaritutako "jaitsiera" izan dela gai bat proposatzearen zergatia. Gaia aukeratzeko, bozketa antolatzen du jai batzordeak aurreko asteetan, eta Unzetabarrenetxeak uste du gai bat finkatzeak lagundu egiten duela jendeak ekitaldian parte har dezan. Alkateak esan du aurten "jende askok" hartu duela parte Mozorro Egunean. Ilunkeran mozorro jaitsiera egin zuten, Burrunbazale txarangarekin batera. Gero, Leiane Valle Vazquez izendatu zuten alkate txiki elgetarrek, eta Unzetabarrenetxearen eskutik jaso zuen aginte-makila.
Txosnen irekierarekin batera, mozorro onenaren saria banatu zuen Gazte Asanbladak. Baso magikoz mozorrotutako taldeak jaso du aurten saria. Mozorro txarrenarena saria ere banatu du Gazte Asanbladak: Alemaniako turista taldeak hartu du.
Gaua Mugi Panderoa erromeria taldeak girotu zuen hasieran. Ostean, Estutu eta Babesgabe taldeek hartu zuten erreleboa txosnagunean.
Umeen eta Erretiratuen Eguna
Barikua Umeen eta Erretiratuen Eguna izan zen. Goiz eta arratsalde, puzgarriak izan zituzten jolaserako gaztetxoek. Eguerdian, berriz, hiru bazkari egon ziren: 90 bat pertsona batu ziren umeen bazkarian, 60 inguru izan ziren gimnasioan egindako erretiratuen bazkarian eta 53 lagun elkartu ziren aurten lehenengoz egindako gazteen bazkarian. "Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Uste dut gazteen bazkariak jarraipena izango duela", esan du Andresek.
Erretiratuei dagokienez, Xalbadorpe elkarteko Jose Antonio Ojangurenek esan du jaiak "ondo" joan direla, baina parte hartzea "jaisten" ari dela urtetik urtera. "160 bazkidetik 60 inguru izan ziren bazkarian. Egoera aldatu ezean, halako ekimenak desagertu egingo dira", esan du.
Arratsaldean, Jon Unanuek, Jon Gisasolak, Ioritz Gisasolak eta Uxue Ansorregik herri kirol ikuskizuna egin zuten, eta iluntzean drag ikuskizuna egon zen, lehen aldiz, herrikide bat tarteko. Alkateak esan du "oso ondo" egon zela emanaldia eta herritarrek harrera "oso ona" egin ziotela.
Gauean, Dupla taldearen kontzertua egon zen, eta plazako kontzertu jendetsuena izan zen. Txosnagunean, berriz, No Limits eta Berandu Baino Lehen taldeek jo zuten. Gauerdiko galtzontzillo eta kulero lasterketa ez zen jokatu, ez zuelako inork izenik eman.
Zapatuan Herri Eguna
Urtero legez, jaioberriei ongietorria eginez hasi zen Herri Eguna. Zortzi haurrek jaso zuten jaietako zapia harrera ekitaldian, eta Unzetabarrenetxeak dio "hunkigarria" dela "Elgetako etorkizuna" udaletxeko areto nagusian ikustea. Bergarako erraldoiak ere protagonista izan ziren zapatu goizean, eta, euren emanaldiaren ostean, umeen euskal dantzen ikuskizunaz zein udalbatzako kideen soka dantzaz gozatu zuten herritarrek. Jaioberriei ez ezik, aurten ere herriko gizonezko eta emakumezko edadetuenei banatu diete jaietako zapia; Evaristo Garciari –96 urte– eta Mari Karmen Irazabali –95 urte–. Garciari etxera eraman zioten zapia udal ordezkariek, eta Irazabalek plazan jantzi zuen. Alkatearen esanetan, "oso garrantzitsua" da Elgetako nagusienak zaintzea eta maitatzea: "Euren momentua izan behar dute jaietan".
Eta, beste urte batez, Herri Eguneko bazkaria izan da jaietako ekitaldi jendetsuenetakoa. 600 pertsona inguru elkartu ziren Vicente Quintanaren paella eta Peio Bilbao elgetarraren saiheskia dastatzeko. Bazkaldu ostean, Gazte Asanbladak egindako bingoan Izaskun Larreak lortu zuen kartoia osatzea, eta iluntzean Xaukena Elektrotxarangak girotu zituen herriko kaleak. Mariachi Imperial de Guanajuato taldeak ere egin zuen emanaldia, eta dantzan jarri zituen herritar asko.
Azoka, beti bezain arrakastatsu
Domeka goizean azoka izan zen protagonista herrian, eta baserritarren, artisauen eta abeltzainen 50 postu baino gehiago eta 50 bat idi pare ikusteko aukera izan zen. Ganadu azoka antolatzeko lanetan ibiltzen den Agustin Beretxinagaren arabera, "inoiz baino jende gehiago egon da aurten, eta hori pozgarria da". Herriko abeltzainak "gutxi" izan direla dio, baina egon direnak "gustura" aritu direla azaldu du.
Sanferminetako txupinazoa ere egin dute aurten Elgetan; izan ere, Ozkarbi elkarteko balkoitik jaurti zuten, Iratxe Bravok botatako pregoiaren ostean, eta Iruñeko jaiei keinu argia eginda.
Arratsaldean, berriz, bigarren mailako pilota partiduak egon ziren frontoian. Aurten Ferixa Nagusiko jaiak sanferminekin ia batera izan dira, eta ezin izan da goi mailako pilotarien partidurik ekarri. Unzetabarrenetxeak dio datozen urteetan "San Fermin Txapelketako partiduak ekartzea" dela asmoa.
Bestalde, Ferixa Nagusiko jaietako argazki onenaren bila dabil orain jai batzordea. Hilaren 13ko 13:00ak baino lehen bidali behar dira argazkiak, danonartian@elgeta.eus helbide elektronikora. Irabazleak 100 euroko saria jasoko du eta argazkia hurrengo urteko jaietako egitarauko azala izango da.