Elikadurarekin kartzela asko sortzen ari garela iritzi dio Olaia Blanco elikadura adituak

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mar. 18a, 10:00
Olaia Blanco Azpiri tailerra egiten, eguaztenean, Intxorta elkartean.

Udalak antolatuta, sukaldaritza osasuntsuari buruzko bi saio egingo ditu Blancok Elgetan. Eguaztenean egin zuen lehenengoa, eta oinarrizko kontzeptuak argitzeko saioa izan zen. Hamaika lagun daude izena emanda.

"Zer da elikagai osasuntsu bat?". Galdera horrekin zabaldu zuen eguazteneko saioa elikaduran aditu Olaia Blanco Azpirik. Iritzi trukaketaren ostean, hainbat ondoriotara heldu ziren parte-hartzaileak: gertukoa, garaikoa, produktu kimiko barik sortua eta ahalik eta eraldaketa gutxien jasan duen hori da elikagai osasuntsua.

Elikaduraren bueltan dauden joerei buruz ohartarazi zituen Blancok entzuleak: "Elikaduraren mundu honetan ere modak daude; negozio bat da. Sasoi batean, munduko beste puntatik ekarritako zazpi gogi jaten nituen egunean. Hemengo masustek oso antzerako elikagaiak dituzte".

Osasuntsu elikatzeari buruz aritu zen, eta nork bere gorputzari erreparatzeari buruz. "Txokolate-ontza batek on egiten didala, ba, aurrera. Ez gara makinak; elikadurak lotura estua du emozioekin, eta antsietatea sortzen digun elikadura mota bat ez da ona. Gure gorputza, gainera, eraldatzen doa, eta onartzea da onena. Ezin gara berdin elikatu adinaren, zikloaren edota urte sasoiaren arabera".

Sendatze prozesuetan dauden gaixoen kasua alde batera utzita, debekurik ez ezartzearen aldekoa da Blanco, eta jaten denarekin disfrutatzearen aldekoa. "Elikadura plazer handia da. Gainera, askotan nahasten ditugu osasuna eta estetika, eta, estetikaren izenean, osasuna galtzen ari gara".

Gomendio argiak

Lapikoan oinarritutako sukaldaritza aldarrikatzen du Blancok. "Osasuntsu kozinatzeko denbora behar da; eta bariatua jateko, gehiago". Ondo elikatzeko gizakiak behar dituen bost makro-nutrienteei buruz aritu zen: karbohidratoak, proteinak, gantzak, bitaminak eta mineralak. Kolesterolari, D eta B12 bitaminei buruz eta gero eta ugariagoak diren digestio-arazoei buruz ere aritu zen. Mikrobiota zaintzearen garrantziaren inguruan ere egin zuen berba.

Bigarren saio sukaldean

Eguaztenean egingo dute sukaldaritza osasuntsuari buruzko bigarren eta azken saioa. Sukaldean egingo dutela azaldu du Blancok, eta hainbat errezeta prestatuko dituztela, hala nola azenario-patea, lihozko hirukitxoak, garbantzu- eta barazki-opiltxoak, tzatziki- eta jogurt-saltsa eta madari- eta okan-tartaleta. Intxorta elkartean izango da, 17:30ean.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak