Familien herenak ez du gailu digitalen erabileraz hitz egiten

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 28a, 13:00

Heziketa Digitalaren inguruan Elgetan sortutako lantaldeak egindako inkestak emaitza esanguratsuak eman ditu.

Ikasturte hasieran zortzi galderaz osatutako galdetegia banatu zuten Heziketa Digitala lantaldeko kideek eskolako familien artean, eta berriki eman dute emaitzen berri. Galdetegi hori bete duten familien %31,3k ez du gailu eta aplikazio digitalen arriskuez eta erabilera egokiaz hitz egiten seme-alabekin. Gainera, soilik %43,8tan adostu dituzte erabilera arauak umeek.

Ezinak ere azaleratu dira. Familien %62,5ek onartzen du ez dakiela gaiaren inguruan nola hitz egin seme-alabekin, eta %93,8k azaltzen du gehiago jakitea gustatuko litzaiokeela. Ondorio nagusiak hiru dira: "Gaztetxo askok inongo muga edo araurik gabeko erabilera egiten dute, eta oso esanguratsua da seme-alabekin nola hitz egin ez dakiten familien portzentajea. Gaiaren inguruan gehiago jakin nahi duten familien portzentajeak argi erakusten du lanketa baten beharra".

Taldeak lanean jarraituko du

Udaberrian sortu zuten Heziketa Digitala lan dinamika Elgetako liburutegiak eta Maala Guraso Elkarteak elkarlanean. Ordutik, bi hitzaldi ere egin dituzte. Eneritz Orobengoak seme-alaben zibersegurtasunaren inguruko hitzaldia egin zuen maiatzean, eta Enaitz Ezpeleta Interneteko arriskuei buruz aritu zen orain hilabete.

Lantaldean kezka berezia sortzen du uneotan telefono mugikorren erabilerak eta gailu horiek umeei lehenengo aldiz emateko adinak. Beste hainbat herritan moduan adin hori atzeratzeko herri mailako adostasun baten lanketan dihardute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak