Loditasun arazoak ditu Elgetako eskola-umeen %27,5-ak

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 28a, 14:31

Debagoieneko tasa txikiena da. Pensoi proiektuko ordezkariek aurreko ikasturtean eskolan egindako neurketen berri eman zuten atzo.

Ondorioa argia da. Hiru umetik batek arazoak ditu gehiegizko pisuarekin. Debagoiena mailan egindako datuen berri eman zuten atzo Elgetako Herri Eskolan Pensoi proiektuko kideek eta Elgetaren kasuan, neurtutako umeen %27,5-ak arazo bat dauka loditasunarekin.

Atzoko aurkezpen ekitaldian izan ziren Lissette Delgado pediatra, Arantxa Hernandez medikua, Eva Pereda psikologoa eta erizaina, Bergarako kirol teknikari Iñaki Ugarteburu eta osasun saileko ordezkari Luzia Bengoetxea. Herriko sendagile Iñaki Urgoitia ere bertan izan zen.

Gizarte osoak duen arazoa dela esan zuten atzo, eta loditasuna XXI. mendeko epidemia dela. "Gure haurren heren batek arazo bat du loditasunarekin eta adina aurrera joan ahala handitu egiten da", esan zuen Arantxa Hernandez-ek.

Prebentzio neurriak

Gizartea sentsibilizatu eta neurriak hartu beharra dagoela azpimarratu zuten osasun arloko ordezkariek. Loditasunean eragiten duten faktore nagusien zerrenda egin zuten: elikadura ohitura desegokiak, jarduera fisiko eza eta desoreka emozionala.

Horietan eragiteko beharra azpimarratu zuten eta neurri horiek gizarte mailan hartu behar direla.

Aurkezpenaren ostean egindako ekarpen tartean aipatu ziren hamaiketakoa egiteko eskolara eramaten diren gozoak, urtebetetze egunetan banatzen diren gozoki poltsak, adin txikieneko umeendako jarduera fisikoa egiteko eskaintza eza, familia ohiturak, gurasoen jarrera gantz handiko produktuekiko...

Iazko ikasturtean betetako galdetegiak aztertzen dihardutela esan zuten Pensoi proiektuko ordezkariek eta eskolako familiek laster jasoko dutela ikerketaren nondik norakoen berri. Inork ikerketaren arduradunekin harremanetan jarri nahi izanez gero ondorengo helbide elektronikoa eskaini zuten: pensoiproiektua@gmail.com.

Bileran aipatu zen, baita ere, eskolako 85 familietatik soilik lau guraso izan zirela hitzaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak