Bi sari Elgetako botikan egindako jarraipen farmako-terapeutikoari

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko aza. 27a, 09:00

Maiatza ezkero eskaintzen dute zerbitzua, eta Espainiako farmazialariek Kordoban egindako bilkuran jaso dituzte bi sariak.

Jarraipen farmako-terapeutikoa bost botika baino gehiago hartzen dituzten 65 urtetik gorako erabiltzaileei eskaintzen zaien doako zerbitzua da. Maiatzetik eskaintzen dute Elgetan, eta epe horretan aztertutako zenbait kasuren txostenek jaso dituzte bi sari Espainiako farmazialarien elkartearen eskutik.

Elgetako botikari Elena Elkorok eta Amaia Garitanok argi dute euren lana ez dela farmakoak saltzera mugatzen. Eragin desiragaitzik ez sortzeko botikek beharrezkoak, eraginkorrak eta seguruak behar dute, eta aditu baten jarraipena oso onuragarria izan daiteke.

Emaitzak lortu dituzte Elgetan, eta Garitanok jaso zuen saria Kordoban, baina haren esanetan lorpen horretan eragile askok hartu dute parte. "Pazienteak motibatua eta gogoz egon behar du bere osasun arazoan parte hartzeko. Gero, medikua. Kasu honetan abantaila handia dugu Elgetan oso harreman estua dagoelako bai medikuarekin bai erizainarekin. Horrek asko errazten du jarraipen farmako-terapeutikoa burutzea", azaldu du.

Elkarrizketak, gutxienez hilero

Botika gutxik eskaintzen dute zerbitzua. Debagoienean, esaterako, hiruk besterik ez: bat dago Bergaran, beste bat Arrasaten, eta hirugarrena Elgetakoa. Garitanok, zentzu horretan, Elgetako botikako arduradun Elena Elkorok egindako apustua nabarmendu du. "Pazientearendako doako zerbitzua da eta farmazialariak ordu asko eskaini behar dizkio. Ez da dispentsazioan bezala 5-10 minutuan egiten den gauza. Elkarrizketa egiten dira, gutxienez hilabetero eta batzuetan sarriago pazientearen arazoaren eta eboluzioaren arabera".

Botika bikoiztasunak, auto-medikazio desegokiak, eraginkortasun falta… disfuntzio asko detekta daitezke jarraipen egokia eginez gero. Elgetako botikan argi dute pazientearen osasunean onura handiak ekar ditzakeela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak