goiena.eus

Gaurko osoko bilkuran erabakiko dute Guifi.net proiektuari bidea eman ala ez

  Teknologia  Elgeta

Hiru ordu luzatu zen atzo GipuzkoaShare elkarteko Asier eta Iker Garaialdek proiektua aurkezteko egindako batzarra.

Irabazi asmorik gabeko elkartea da GipuzkoaShare, eta atzo egindako batzarrean Asier eta Iker Garaialdek defendatu zuten posiblea dela prezio sozial batean herri osoari —herrigunean— Internet zerbitzua ematea. "Telekomunikazio sareak operadore handien esku daude. Ezin ditugu gure telekomunikazioak enpresa pribatuen esku utzi", esan zuten.

Ideia da, finean, Internet konexio bakarra kontratatzea, eta herritar guztiekin partekatzea. Eman beharreko pausoak dira: seinalea Elgetara ekarri, bizpahiru nodo edo errepikatzaileren bitartez seinalea herrian zabaldu, eta jarraian interesa duten eraikinetan sartu. Kataluniako Gurb herrian duela zortzi urte abiarazitako ekimenak izandako hedapena ipini zuten adibide gisa.

Herri mailako sarea

Herritarrendako Internet konexio merkea lortzeaz gain proiektuak herri mailan doako telekomunikazio sarea sortzeko aukera ere emango luke. Hau da, herri mailako sare horretan kide diren gainerako herritar edo elkarteekin mezuak eta fitxategiak doan trukatzeko aukera. "Eta sarea beste herri batzuetan hedatzen joaten bada herri horiek gure sarera gehitzea", esan zuten Garaialde anaiek.

Osasuna

Uhin elektromagnetikoek osasunean duten eraginaren inguruan galdetuta Garaialde anaiek esan zuten lehen fase batean Internet konexioa Wi-Fi bidezkoa izango litzatekeela. "GipuzkoaShare elkarteak fibra optikoa lehenesten du, baina kostea, gaur egun, handiegia da Guifi.net proiektua bideragarri egiteko. Ezin gara hutsegik fibra optikara pasa", esan zuten. Azaldu zuten, baita ere, Katalunian bigarren fase batean daudela non herri mailan sortutako Guifi.net proiektuan zuntz optikoa sartzen ari diren operadore handietatik kanpo. "Hemen ere hori lortu behar dugu, baina horretarako lehenengo sare horren beharraz kontzientziatu behar dugu jendea".

Konexio partekatua

Hainbeste lagunen artean partekatutako Internet konexio baten abiaduraz galdetuta GipuzkoaShareko kideek esan zuten erabiltzaileek ez dutela emailak jaso eta bidali, webguneak bisitatu eta youtubeko ikus-entzunezkoak ikusteko arazorik izango. "Eta motz geratuko balitz beti edukiko duzue beste konexio bat Elgetara igotzeko aukera", esan zuten. "Proiektu honetan herritarrek erabakitzen dute, ez operadoreek". Baina argi utzi zuten erabilpen arrazionala eskatu behar dela. "Gure aholkua da erabilera nolabait mugatzea. Ezin du erabiltzaile bakar batek espazio guztia hartu, eta besteak kanpoan utzi; hortaz muga batzuk ipini beharko dira. Gure elkarteak aholkatzen du P2P konexioak mugatzeko".

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa