Abiapuntua, jogurtek menopausian nola eragiten duten jakiteko

Hasier Larrea 2024ko ots. 21a, 17:31
Asmoz-eko Nora Alvarez de Eulate eta Goenaga Esnekiak-eko Arantxa Goenaga, Bergarako Irizar jauregiko aurkezpenean.

A2A2 proteinadun jogurtek 45 eta 55 urte arteko emakumeen osasun eta digestioan ze onura ekar dezaketen jakiteko asmoz, proba pilotu bat abiatzear dira Gipuzkoan, esneki, nutrizio eta jakintzaren transmisiora dedikatzen diren hainbat eragile.

Orain arte gutxi ikertu den gai bati heldu diote, elkarlanean, Gaztaren Institutuak, Glucovives start-appak, Asmoz fundazioak eta Goenaga Esnekiak enpresak, Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz iniziatibaren baitan. Zehazki, perimenopausia eta menopausia aldien inguruan elikadurak duen eragina aztertuko dute, abiapuntu edo oinarri bat ezarri guran. Proiektuari YoGOE4Life izena ipini diote, ekainera arte iraungo du eta eskualdez eskualde aurkezten dabiltza orain.

Asteartean izan ziren Debagoiena mailakoa egiten, Bergaran, Irizar jauregian. Bailarako hainbat nutrizionistaren aurrean egin zuten berba Asmoz-eko Nora Alvarez de Eulatek eta Goenaga Esnekietako Arantxa Goenagak. Honela laburtu zuten zertan datzan egitasmoak: "A2A2 proteina duen jogurta egunero kontsumitzeak perimenopausiari lotutako ondorioetan duen eragina ulertzea nahi dugu, hainbat faktoreren jarraipena eginda. A1 proteinak ez bezala, A2ak ez ditu hesteak puzten, eta jakinda menopausia fasean hormona-aldaketek ahultasuna sortzen dutela, oso beharrezkoa da proteinak kontsumitzea".

Hala, 45 eta 55 urte arteko 30 emakume ingururekin hasierako esperientzia bat eramango dute aurrera. Parte hartzeko interesa dutenek Asmoz fundaziora deitu dezakete. Hurrengo pausoa norbere datu medikuak modu konfidentzialean ematea izango litzateke, "komeni delako osasun egoera onean daudenak eta kontsumo ohitura osasuntsuak dituztenak aukeratzea".

Hautatuekin zalantzak argitzeko jardunaldi bat egingo dute eta, apirilean, bi asteko epean, jogurt bana jango dute egunero, aurretik eta ondoren bina orduko baraualdia eginda. Era berean, Glucovivesen bio-sentsore bat jarriko dute besoan, diabetikoek erabiltzen dutenaren antzekoa, "gluzemiaren bilakaera zein den jakiteko asmoz". Emaitzekin txosten bananduak egingo dituzte eta bakoitzari berea banatu, nutrizio-irizpideekin. Anonimotasuna babestuta, Aldundira ere bidaliko dituzte txostenak, eragileen esku jarri eta difusioa egiteko.

Produktu osasuntsuen alde

Proiektuak "hormona aldaketek pisu-igoera eragin dezaketela gizarteratzea" bilatzen duen bezala, beste asmo bat ere bada Gipuzkoan kalitatezko lehen sektorea bultzatzea: "Askok esan digute A2A2 duten gure jogurtek on egiten dietela; gero eta ekoizle gehiago dago bide hori hartu guran, baina inbertsioa behar da", dio Goenagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak