Ainhoa Gochi: "Txertoa jartzea da irtenbide eraginkorrena"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 29a, 14:00
Ainhoa Gochi doktorea bere bulegoan. Argazkia: Ainhoa Gochi.

Haurrak gripearen transmisioko "oinarrizko faktorea" direla dio, eta irtenbidea eskuragarri dauden txerto eraginkorrak "jartzean" dagoela gaineratu du

Astelehenean hasi zuten txertoaren kanpaina, eta, aurten, nobedade gisa, 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrak gripearen aurka txertatzeko aukera egongo da lehen aldiz. Horri buruz hitz egin dugu Ainhoa Gochi medikuarekin.

Zergatik da garrantzitsua Umeen gripearen kontrako txertoa?

Gripea etengabeko mehatxu bat da. Birus batek eragindako gaixotasun infekzioso bat da, eta pertsonek erraztasunez kutsa dezakete elkar, arnas jariapenarekin, eta, era berean, eskuen bitartez. Sintoma nagusiak sukarra, eztula, sudurreko mukiak, eztarriko mina, eta giharretako zein buruko mina dira; halaber, kasu batzuetan muturreko larritasunekoa izan daiteke, edo bakterioen sobreinfekzio larriarekin ere egoera zaildu daiteke. Gripearen kontrako txertoa da irtenbiderako modurik eraginkorrena.

Gripearen urteroko izurriteak haurren biztanleriari eragiten dion proportzioa altua da; %30 eta %40 artean aritzen da normalean. Biztanlerian uste da haurtzaroan infekzioa arina izaten dela, eta oinarrizko gaixotasuna duten pazienteei eragiten diela gehienbat. Dena den, gripea da mundu guztiko 5 urtetik beherako haurretan izaten diren milioi bat kasu larrietatik gorako eragile, eta gripe larriarekin ospitalera eramaten dituztenen tasak 65 urte edo gehiagokoen antzekoak dira, 79 urtetik gorakoen salbuespenarekin. Gainera, gaixotasun honekin hiltzen diren haurren ia erdiak osasuntsu zeuden pazienteak izaten dira.

Bestalde, haurrak gaixotasunaren transmisioko oinarrizko faktorea dira. Horrek esan nahi du, nahiz eta batzuetan haurrek gaixotasuna modu arinean pasatu, gizatalde zaurgarrientzat transmisore nagusiak direla. Horregatik eta eskuragarri dauden txertoen eraginkortasuna kontuan izanda, Espainiako Pediatria Elkarteko Txertoen Batzorde Kontseiluak 6 eta 59 hilabeteko haurrak txertatzea gomendatzen du. Gripearen kontrako bakuna lehen aldiz hartu ahal izango dute 5 hilabete eta sei urte bitarteko umeek.

Zenbat dosi egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoan?

Dosi bakarra emango da, lehenengo aldiz hartzen dutenak barne, arrisku-talde bateko kide ez baldin badira; horiek bigarren dosi bat jasoko dute 4 asteetara.

Eta zergatik orain? Zer ikusirik izan al du Covid-19ak?

Gripearen aurka haurren txertaketa unibertsalaren gomendioa Covid 19-aren pandemia baino lehenagokoa da. Duela urte batzuetatik, Osasunaren Mundu Erakundeak eta agentzia erregulatzaile internazionalek 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrak txertatzeko lehentasuna izan dezaten gomendatzen dute. Espainiako Pediatria Elkarteko Txertoen Batzorde Kontseiluak 2021. urtean bere urteroko gomendioak handitu zituen, eta osasun agintariei eskaera egin zien, adin tarte horretan, txerto hori txertaketa egutegian sartzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, urte honetatik bertatik, gripearen aurkako txertoa 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrengana zabaldu du.

Zein harrera izango duela uste du- zue? Jendarteak ba al du gripearen inguruko kontzientziarik?

Gripearen aurkako txertaketaren datuak, erakunde ofizialek markatutakoekin alderatuz, askoz baxuagoak izaten dira normalean. Gertakari horren arrazoia aurkitzeko zergati ugari existitzen dira. Alde batetik, diagnostikoaren konfirmazio falta dago; horrek patologiaren benetako karga oharkabean pasatzea ekartzen du, hain zuzen, gripearekin dauden pertsonak gaixorik daudela konturatu gabe. Bestetik, gaixotasun onbera bat den eta garrantzi eskasekoa den pertzepzio orokortu bat existitzen da. Hala ere, pandemiaren ostean, gripearen aurkako txertaketaren datuek hobekuntza nabaria izan dute. Hori gizarteak bakarkako zein taldekako arriskuekiko kontzientziazio maila handiagoa duelako da.

Europako beste herrialde batzuetan dagoeneko ematen da txertoa adin tarte horietan? Non? Zein ikasketa atera ditzakegu?

Gaur egun 70 herrialdek baino gehiagok dute haurtzaroan gripearen aurka txertatzeko programa bat, eta duela urte batzuk, Europako hainbat herrialdetan zein Ipar Amerikan jarri zituzten martxan programa hauek. Espainiar estatuan, hiru autonomia erkidegok sartu zuten programa hau 2022-2023ko txertaketa kanpainaren barruan. Gripearen aurkako txertoek erakutsi dute eraginkorrak eta seguruak direla. Ikerketek argi erakusten dute adin tarte guztietan morbilitatea eta heriotza-tasa jaistea lortzen duela, batez bere, haurrengan.

Osasuntsu dauden haurrei txertoa jartzeak ere erakutsi du zeharka transmisioa ekiditen duela, gizarteko beste gizatalde batzuetan ere, besteak beste, jende nagusiarengan, immunodeprimituengan eta 6 hilabete baino gutxiagokoetan. Aktibo ez dauden txertoen kasuan, kontrako efekturik ohikoena erreakzio lokala da, txertoa jartzen den tokian mina eta gorritasuna izanda. Beste kontrako efektuak sukarra, mialgia eta nekea dira, egindako ikerketen arabera, kasuen %5 eta %20 bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak