Jatorri zein sexuaren araberako lan banaketa bat

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko api. 5a, 07:00

Jatorriaren arabera, gehiago dira etortzen diren emakumezkoak ala gizonezkoak, eta, baita egiten dituzte lanak ere. Amerikarrei dagokienez, batik bat, latinoamerikar andreak datoz, eta, zaintza lanak egiten dituzte. Asiarren eta afrikarren kasuan, gizonezkoak gehiago dira, eta hirugarren sektorean zein zerbitzuetan dihardute. Europarrak, berriz, pareko daude.

Immigrazioaren eragina ekonomian ikaragarria dela dio Xabier Aierdi soziologoak, eta, aldi berean, baita isila ere. Bada, uste du hor dagoela arazoa, etorkinei eta ekonomiari buruz galdeginda. "Nola iradokitzen du biztanleria autoktonoak immigrazioaren etorrera? Esan ohi da gugandik bizitzera datozela, gizarte politikak aprobetxatzera… Baina ez da horrela: migrazioak modu askotan, era isilean, ikusezinean eta oso material nabarmenean ekarpen ekonomiko handia egiten du".

Bada, soziologoak argi du ekonomia materialean –alegia, monetarioa– eragina duela immigrazioak, baina, ez hor soilik: "Badago ekonomia afektiboa ere. Gaur egun zaintza nola baloratzen dugu? Nork konpontzen du? Zenbat gatazka familiar saihestu dira immigrazioaren etorrerarekin?".

Kasu honetan, datuen isla da errealitatea, eta, amerikar jatorriko herrikideengan, jakinekoa da batik bat emakumeak direla etorritakoak. 2021ean, esate baterako, hamarretik sei ziren andreak eta lau gizonezkoak, INE Espainiako Estatistika Institutuak sexuaren arabera banatutako datuak oinarri hartuta.

Eta, hain justu, Aierdik horren zergatia izan du hizketagai. Amerikarren kasuan, adierazi du gehien bat kolonbiarrak iritsi zirela lehendabizi, eta, ostean, boliviarrak, paraguaiarrak… Eta horrez gainera, ertamerikarrak; bailarako kasuan, nikaraguarrak eta hondurastarrak. Haren hitzetan, beti dago lurralde feminizatuago bat aurrekoaren testigua hartuko duena. "Inposatu egiten dira gertakariak: premia bat izan ezkero zaintza arloan, bertako errekurtsoekin betetzea izango litzateke denek nahiko luketena, baina ez da gertatuko, ez dagoelako bertako biztanlerik zaintzara modu masiboan dedikatuko dena, eta, gutxiago, egoera horiek direnean ekonomikoki zailagoak, ez dagoenean sistema bat antolatuta". Alegia, erantsi du pertsona horiek eskasi bat sumatu zutela, eta, beraz, hemen konpondu ezin ziren premia batzuk asetzera etorri direla.

Jatorri asiarra eta afrikarra dutenei dagokienez, amerikarretan ez bezala, gizonezkoak etortzen dira batez ere: 2002an hamarretik zortzi ziren Asiatik etorritakoak eta berriz, hamarretik zazpi Afrikatik. Ordea, hogei urteren ostean, gero eta emakume gehiago daude Debagoienean; hain justu, hamar asiarretatik lau ziren emakumeak 2021ean, eta, berdin, afrikarretan.

Ekonomiari dagokionez, batez ere, zerbitzuetan jarduten dute gizonezkoek. Aierdik, jatorri pakistandarra dutenen kasua gogoratuz, nabarmendu du frutategietan, janari dendetan… aritu ohi direla lanean, eta, "diskriminazio batzuk" egongo diren arren, biztanlerian "nahiko ondo jasoak" direla pertsona hauek. Hala ere, hau ez dela bera jatorri guztiekin. "Txinatarren kasuan gauza berdina esango al genuke? Pentsatuko genuke negoziatzaileak direla, aislatuta bizi direla, ez dakigula non dauden…".

Are, azken puntuari gehitzeko, nabarmendu du inguruaren ez-kontrola ere batzuetan traba izan daitekeela ekintzailetzarako; besteak beste, hizkuntza. "Hau gerta liteke emakumeen kasuan gehiago…", aipatu du.

Europarren kasuan, ez da aldaketa handirik izan hogei urteko epean. 2002an Debagoienean emakumeak baino gehiago ziren jatorri europarrak auzokideak: %57,37 ziren gizonak eta %42,63 andreak. 2021ean, berriz, gizonezkoak %54,27 ziren eta emakumezkoak %45,73.

Aierdik ez du europarren irakurketa orokor bat egin, baina gizonezko portugaldarren kasuak ekarri ditu gogora, nabarmenduta baso eta mendi lanak egitera etorri zirela batik bat, baina baita eraikuntzara ere. Ez du bailarako datu zehatzik, baina, Bilboko San Mames futbol zelaia egiteko obra aitzakiatzat hartuta, errealitate baten berri eman du. Haren arabera, Bolkestein araudia du Europako Batasunak, eta, horri esker, hemengo enpresa batek ABEE aldi baterako enpresa elkarte bat egin dezake atzerriko batekin; kasu honetan, Portugalekoarekin. "Hura arduratzen da hemengo lanekin: ordain dezake bere jatorrizko baldintzen arabera, ez lan egiten duen herrialdeko araudiaren arabera: soldata minimoak eta esplotazioa; esklabismo forma berri bat".

Bada, soziologoak dio horrek bestelako egoera batzuk adierazten dituela: "Ez immigrazioaren ikuspegitik, baizik eta, erresilientziako migrazioarenetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak