Zer moduz zaude?
Pozik nago. Egia esan uste baino gehiago luzatu da prozesua, uste nuen lehenago aurkituko nuela taldea, baina azkenean luzatu egin da, bai.
Hiru urterako sinatuko duzu Zaragozarekin.
Nire lehentasuna Lehenengo Mailan jarraitzea zen, baina gauzak ez dira beti norberak gura duen moduan izaten, eta Zaragozak hasieratik erakutsi du interes handia, alde horretatik, oso baloratuta sentitu naiz. Erabakia hartzerako orduan hainbat gauza izan ditut kontutan, baina egia da iaz ez nintzela berdegunean protagonista izan, eta Zaragozan hori berreskuratzeko aukera izango dut.
Aurre-denboraldi ezohikoa izan da zuretako, bakarrik ibili zara entrenatzen.
Bai, imajinatzen dut Zaragozan aurre-denboraldi motz bat egingo dudala, baina sasoia mantentzeko nire kabuz ibili naiz entrenatzen. Alde horretatik, eskerrak eman gura dizkiot Mondrari, Mojategiko instalazioak erabili ahal izan ditudalako, eta baita ere ondoan izan ditudan lagunei, hobeto entrenatzen lagundu didate-eta.
Ezagutzen duzun kategoria da Bigarren maila.
Bai, alde horretatik ez dut uste sorpresa handirik izango dudanik, ea hilabete barru ez dizudan bestelakorik esaten. Zaragozak, berriz, nahiz eta bigarren mailan jokatu beti izan du Lehenengo Mailara bueltatzea helburu. Klub handia da, zale eta bazkide askorekin eta ea helburu horretan lagun dezakegun. Orain momentuan taldekideak ezagutzeko gogoz nago, kluba barrutik ezagutzeko gogoz, eta lanean hasteko gogoz.
Sare sozialetan, orain artean, Zaragozako zaleek pozik hartu dute albistea; jendeak anonimotasunetik edozer idazteko duen joera ikusita, ez da gutxi.
Beno, dagoeneko badakigu gauza horiek zelan doazen [Barre], eta egia esan, saiatzen naiz halakoetatik alde batera mantentzen. Etorriko dira zaleen epaiketak, jokatzen hasten garen momentuan, denboraldi amaieran... Baina normala da, futbolaren parte da hori ere.
Ez zara Zaragozan egongo den euskal jokalari bakarra izango, bertan daude Javi Ros, Gaizka Toquero...
Bai, eta erabakia hartu aurretik eurekin izan naiz harremanetan. Hiriaren gainean berba egin didate, klubaren gainean, entrenatzailea... Erabakia hartzerako orduan halakoak ere lagungarri izaten dira.
Dena dela, Zaragozak ez du liga txapelketa gura moduan hasi.
Ez, bi partidutan puntu bakarra batu dute eta ez da hasteko modu onena. Baina, ondo dakigu Bigarren maila ze luzea den, eta dakidanez talde oso gaztea da, entrenatzaile berriarekin, eta jokalari asko berriak dira Zaragozan. Horrek egokitzapen fasea behar du, eta joango gara neurria hartzen txapelketari.
Ez zara oso urrun joan. Bi ordu eta erdi behar dira autoz Zaragozara iristeko.
Denok gura izaten dugu etxekoak gertu izatea, eta hori ere baloratu dugu, baina ez diogu lehentasuna eman. Etxeko laurok etorriko gara Zaragozara bizi izatera eta ea hiri berri honetara ondo moldatzen garen, hori da espero dudana.