Estoniak bere txanpon digital propioa izan nahi du

Jokin Guridi 2017ko abu. 30a, 14:34

Munduko lehen herrialdea izan nahi du kriptodiru propioa izaten, e-Residency programaren zuzendaria den Kaspar Korjusen hitzetan. Horrela, estcoin txanponaren bitartez, programako partaideek, legalki emititutako identitate digital baten bitartez, ordainketak egin ahalko dituzte sarean.

Kriptodirua balio ekonomikoa duen elkartrukerako euskarri digital bat da. Ezagunena Bitcoin da, mundu mailan zabalpen handia lortu duen txanpona, baina badira beste batzuk ere, Litecoin, Ethereum, Ripple, edo Dogecoin esaterako. Txanpon hauen ezaugarri nagusiena bere kontabilitatearen segurtasuna, zuzentasuna eta oreka dira. Hau bermatzeko, miner deituriko pertsona desberdinek osatutako sare batez baliatzen dira transferentziak egiaztatzeko, algoritmoen prozesatze tasa altua mantenduz, ausaz banatzen den ordainsari txiki bat jasotzeko aukeraren truke. Izan ere, txanpon hauekin egiten diren elkartrukeak zuzenean pertsonen artean izaten dira, bitartekari gabe, eta sareak egiaztatzen ditu.

e-Residency berriz, Estoniako Gobernuak bultzatutako programa bat da. Beraien hitzetan, munduko hiritarrendako nazio digital bat da. Beste hitz batzuetan esanda, Europar Batasunaren barruan negozio bat zabaldu eta mantentzeko era erraz bat eskaintzen die mundu osoko hiritarrei, Estoniako Gobernuak emandako identitate digital ofizial baten bitartez. Identitate honen jabeek, ordainketak egin edota kontratuak sinatu ditzakete ingurune digital batean, beste hainbat zerbitzutara sarrera izateaz gain.

Beraz, estcoin izeneko txanpon honen bitartez, e-Residency programaren barnean dauden hiritar digital hauek, beraien transakzio ekonomikoak kriptodiru baten bidez egiteko aukera izango dute. Hau herrialdearentzat onuragarria izan daiteke, mundu mailako merkataritza berri bat sortu baitezake bere txanpon propioan. Gainera, txanpona ezin dela faltsifikatu eta legez kanpoko erabilera eduki ez dezan Gobernuak ikuskatuko duela gaineratu zuen Kaspar Korjusenek, e-Residency programaren zuzendariak, bere blogean.

Momentuz, txanpona hasierako fase batean aurkitzen da eta denbora pasa beharko da gauzatu baino lehen, baina Estoniak beharrezko azpiegitura nahikoa garatua du gobernu batek jaulkitako lehen kriptodirua errealitate bihurtu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak