goiena.eus

Iragarritako asmoei eutsi die CNA Taldeak negoziazioaren lehen batzarrean

  Ekonomia  Arrasate  Debagoiena  Eskoriatza

CNA Taldeko zuzendaritzak eta Fagor CNAko langileen ordezkariek enpresaren etorkizunaren gaineko lehen negoziazio bileran (gaur) ez dute aurrerapausorik eman. Enpresak joan den astekoan iragarritakoari eutsi dio, galerak argudiatuz baina bideragarritasun planik aurkezteke. Langileen ordezkariek, berriz, enpresa bideragarria dela berretsi dute, eta informazioa aldarrikatu.

Iragarritako asmoei eutsi die CNA Taldeak negoziazioaren lehen batzarrean
Edesa Industrialen Garagartzako plantaren sarrera. | Ikusi handiago | Argazki originala

Joan den asteko ezustekoaren ondotik, informazio gutxi partekatu dute gaurko batzarrean enpresariek langileekin. Laburbilduz, CNA Taldeko zuzendaritzak oraindik ez die bideragarritasun planik aurkeztu. Berretsi die, ordea, euren asmoa dela bakarrik lapikoen, termoen eta berogailuen ekoizpenari eustea.

Informazioa ez emate horrek, baina, ez ditu langileak ezustean hartu: "Tamalez ohitura da enpresa honekin etengabe honela ibiltzea. Egin dutena da aurrekoan prentsa bidez ezagutu genuen plana berretsi; esan digute baietz, hori dela euren asmoa. Aurkeztu dizkigute iazko zenbakiak; eurek esaten dutena da ekoizpenarekin galerak izan dituztela, baina balizko bideragarritasun planaren inguruan, balizko inbertsorearen inguruan, balizko komertzialki egin behar dituzten estrategien inguruan ez digute inolako azalpenik eman", jakinarazi du Zorion Ortigosak, LAB sindikatuko ordezkariak.
 
Gardentasuna eta zintzotasuna
Langileen izenean, berriz, zuzeneko informazioa eskatu dute atzera ere. "Esan dieguna da ezagutu egin behar dugula zein den enpresarendako daukaten proiektua, ze hori ezagutu ezean guk ezin dugu urratsik eman inongo norabidetan. Zintzoak izan behar direla, gardenak izan behar direla, hain zuzen ere, orain arte izan ez diren bezala, eta aurkeztu behar digutela zer egin nahi duten enpresarekin, eta hori da oraindik falta zaigula. Eta gu jakitun gara benetan hemen plan bat aurkezten baldin bada produkzioa eta komertzializazioa nahasten dituena, bideragarria izan daitekeela euren proiektua langile guztientzako".

Kanpoko produktu gehiago
Bestela esanda, LAB sindikatuan konbentzituta daude kanpoko produktuen komertzializazioa handitzean dagoela bideragarritasuna erdiesteko gakoa: "Uztartzen baldin badituzte alde batetik bertan ekoiztea produktu batzuk eta beste alde batetik, kanpoan erositako produktu batzuk komertzializatzea, hau da, bi gauzak uztartzen baldin badituzte, hemen aukera dagoela proiektu bat martxan jartzeko langile guztientzako. Hori orain arte ere egiten dute, baina uste dugu beste bazkide bat ekartzen baldin badute aukera dagoela bolumen hori asko handitzeko, baina momentuz horren inguruan ez digute inolako informaziorik ematen".

"Dirua desbideratu"
Bestalde, zuzendaritzaren gestioan "akats handiak" izan direla salatzeaz bat, dirua desbideratu izana ere salatu du LABeko ordezkariak: "Taldeko beste enpresa batzuetara dirua desbideratu dela ez dugu inongo dudarik, nahiz eta oraindik ezin dugun frogatu, baina ez dugu inongo dudarik".

Bigarrena, martitzenean
Gauzak horrela, bigarren bilera baterako hitzordua egin dute bi aldeek: datorren martitzenean, abuztuaren 1ean elkartuko dira atzera ere.

Gaurko batzarrean, berriz, CNA Taldearen izenean bertaratu dira gerentea, giza baliabideetako arduraduna, zuzendari industriala eta Lener aholkularitzako ordezkariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa