goiena.eus

"Susmoa dugu beldurra erabili nahi dutela guk onartzeko enpresaren dimentsioa txikitzea"

  Ekonomia  Arrasate  Debagoiena  Eskoriatza

12:00etan dute hitzordua bihar, eguena, Fagor CNAko langileen ordezkariek CNA Taldeko zuzendaritzakoekin, negoziazioari ekiteko. “Enpresa bat ez da konpontzen murrizketekin”; hori abiapuntu, 350 lanpostuak eta enpresaren bideragarritasuna defendatzera bertaratuko dira langileen ordezkariak. Ezustekorik ezean, ez Jaurlaritzako ez Fagor Taldeko ordezkaririk ez da batzarrean izango.

"Susmoa dugu beldurra erabili nahi dutela guk onartzeko enpresaren dimentsioa txikitzea"
Edesaren Garagartzako planta. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hain justu, gaur gaurkoz, Eusko Jaurlaritzako zein Fagor Taldeko inork ez du baieztatu Edesa Industrialen etorkizuna negoziatzeko mahai horretan egongo direnik. "Jaurlaritza ahoz gonbidatu genuen mahaira, eta erantzun zuzenik ez dugu jaso, bakarrik komunikabideetan azaldu dena dakigu, esanez, ez direla egongo. Orain formalki egin diegu gonbidapena. Eta ez dugu erantzunik jaso. Hala ere, uste dugu Jaurlaritza mahai horretan egon egin beharko litzatekeela Industria politika bere gain dagoelako. Eta finantzazio bideak lortzeko, balizko proiektu berria bermatzeko, edozein proiektu babesteko, inbertsore berriak bilatzen laguntzeko…", adierazi dute LAB sindikatutik.

Fagor Taldeari dagokionez, berriz, LAB sindikatutik diote haiei ere jakinarazi dietela mahaiaren berri, eta uste dutela Fagor Taldea izanda Fagor markaren jabe, negoziazio mahaian egotea badagokiela: "Kontratuan jartzen du, gutxienez, 350 langilek lanean egon behar dutela, eta hortik behera bada, ezin dela marka erabili".

"Beldurra erabili nahi dute"

Oraingoz, baina, sindikatuen zein langileen ordezkariek bakarrik parte hartuko dute biharko batzarrean. "Gu ez goaz kaleratze batzuk negoziatzera. Jakin beharra dugu CNAk ze asmo duen, eta bere ezintasun horretan, ea proiektua bermatuko duen edo beste proiekturen bat lantzeko asmoa duen. Langileek oraindik ez dute bideragarritasun planik jaso. Era berean, jakin beharra dugu inbertsorea zein den, ze asmo duen… guretzat errazagoa da inbertsorearekin zuzenean negoziatzea, ze inbertsoren batentzat Fagor markak balio handia du merkatuan (…). Baina susmoa dugu beldurra erabili nahi dutela guk onartzeko enpresaren dimentsioa txikitzea, eta behin txantaje hori egin eta gero etortzea inbertsorea. Eta Fagor Taldeak berak onartzea alokairuak merkatu beharra… haiekin ere txantajea baliatu nahi dutela pentsatzen dugu, marka erabiltzen utz diezaieten nahiz eta enpresaren dimentsioa txikitu. Guri dagokigunez, jarraitzen dugu konbentzituta hemen produzituta, hemen komertzializatuta eta hemen merkaturatuta, negozioa bideragarria dela", diote LABetik. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa