Hiltzeko jaio zen Hatortxu Rock-era itzulera

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko uzt. 27a, 15:58

Euskal presoen aldeko Hatortxu Rock jaialdiaren 20. ediziorako itzuliko dira Arrasateko Ekon eta Des-kontrol taldeak, eta bi taldeekin elkartu da Goiena zapatuan eskainiko duten kontzertu bereziaren gainean berba egiteko; lozorrotik bizi-bizi esnatzeko prest daudela iragarri dute. 

Hatortxu Rock jaialdiaren itzal handia Debagoienera ere iritsi da. Gaur abiatu da euskal presoen aldeko eta dispertsioaren aurkako jaialdia Lakuntzan (Nafarroa), eta antolatzaileek gogora ekarri dute hiltzeko edo desagertzeko jaio zela Hatortxu Rock: "Helburua lortu arte lanean jarraituko dugu".  

Hainbat eta hainbat izango dira Debagoienetik Lakuntzara joango diren herritarrak, eta bailarako musika taldeen ordezkaritzarik ere ez da faltako.  Hala ere, bailarako bi talde izango dira Hatortxu-rako propio bueltatuko direnak: Ekon eta Des-kontrol. Itzulera berezia izango da; prestaketak nola daramatzaten eta aldez aurreko sentsazioak nolakoak diren jakiteko elkartu da Goiena bi taldeetako ordezkariekin.  

Ekon: "Oso berezia izango da"

2009an Durangoko Plateruenan jo zutenetik, Ekon ez da agertokira igo, baina Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntzaren eskaerari baiezkoa eman zioten: "Badakigu zer den Hatortxu Rock eta zertarako den. Gainera, gure buruari ere omenaldi bat egin nahi diogu, taldeak 20 urte beteko lituzke eta", dio Iñigo Bakero baxu jotzaileak.

Zapatuan, iragarri gabeko kontzertu bat eman zuten Derioko Baserri antzokian, euren buruak berriro ere agertoki gainean nola moldatzen diren ikusteko. "Hatortxu-ko kontzertuan %100 emateko moduan egongo gara, gure aldetik dena emango dugu".

Sentsazio aldetik, berriro ere elkartzea "oso berezia" izan da, 1994an J. Sangrerekin batera Ekon izango zena sortzen hasi zen Xabi del Reyk dioenez: "Urduri gaude, baina sentsazio guztiak positiboak dira. Lagunak gara, eta berriro ere aspaldiko abesti zahar haiek jotzea ederra izan da. Oso ondo pasatu dugu entseguetan; bai, horixe!".

Des-kontrol: "Positiboa, ziur"

2012ko Hatortxu Rock-en eman zuen Des-kontrolek, hain justu, orain arteko azken kontzertua. "Antolakuntzako bi lagun Arrasatera etorri, eta elkarrizketa txiki bat izan genuen eurekin; presoen egoeraren berri ematen zuen bideo bat erakutsi ziguten eta barruraino sartu zitzaigun. Bertan egon behar genuela sentitu genuen, eta esango nuke taldeko guztiok oso gogotsu gaudela berriro jotzeko; behintzat, kontzertu bat emateko", dio Oier Beitia Magu-k.

Berezia izan da, taldeko kide guztiendako, bost urtez jo barik egon diren abestiak berriro ere jotzea. "Hasieran, apur bat kostatu zitzaigun, baina entseguz entsegu hobetzen joan, eta dena gertu dugu kontzerturako", adierazi du berriro ere baxua hartuko duen Hodei Beitiak. Entseguak bereziak izan dira, baina are bereziagoa izango da biharko kontzertua. "Badakit sentsazio asko egongo direla. Barreak, negarrak, besarkada asko, seguru... Baina kontzertuaren momentua heldu arte ezingo dugu jakin. Hala ere, positiboa izango da, ziur nago", uste du Magu-k.

Taldekideek espero dute jendeak ondo erantzungo duela: "Jende mordoa joan behar dela badakigu; ondo pasatuko dugu, agertoki gainean edo behean egon. Urduri jartzen gara pentsatzearekin bakarrik...". Biak ala biak, lozorrotik bizi-bizi esnatzeko prest daude. 

Orain arteko "jaialdirik handiena"

Gaur hasi eta domekan amaituko den Hatortxu Rock jaialdian 84 musika taldek joko dute. 20. edizioa Euskal Herriak bizi izan duen "elkartasun jaialdirik handiena" izango da, eta, hori posible izan dadin, hainbat eta hainbat boluntario dabiltza eta ibiliko dira lanean. Bost gunetan banatu dute: Beriain –bertan izango dira kontzertu gehienak–, herria, Naiz gunea, jantoki gunea eta akanpalekua. Beriain izeneko kontzertuen gunerako lau agertoki egokitu dira: aire zabalean geratzen diren bi agertoki erraldoi –Ilusioa eta Elkartasuna– eta beste bi –Hator Neska eta Hator Mutil– karpa erraldoi baten.

Kontzertuek mugituko dute jende gehien, baina Lakuntzan mendi martxak, hitzaldiak, erakustaldiak, herri bazkariak, azokak eta umeendako txokoak izango dira, besteak beste, egunotan. Ekitaldi nagusia domekan izango da (13:00); Nahikoa da... Etxera! lelopean, dispertsioaren amaiera aldarrikatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak