Parte hartzea inoiz baino handiagoa izatea espero dute antolatzaileek, 8.000tik gorakoa, lehen edizioko 36 partaidetatik urrun gelditzen den zifra izanik. Horretarako, hirugarren pabiloi bat gehitu dute 5.024 ordenagailu postu izan ahal izateko. Urretxun egin zen lehen edizio hori eta 64Kb konexioa izan zuten orduan. Oraingoan droneen zirkuitua eta auto elektrikoen gunea dira berrikuntza nagusienak. Batetik, droneak fabrikatu eta erabiltzen ikasteko saioak egongo dira, baita lasterketak ere. Bestetik, parte-hartzaile gazteek elektronikari, informatikari eta aerodinamikari buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte beraien auto elektriko propioak ekoizten dituzten heinean.
Party jardueretatik aparte, Opengunean ere ekintza ugari izango dira. Opengunea publikoari irekitako gunea da, doakoa eta edonori irekia. Bertan, Errealitate birtualeko azken aurrerapenak azalduko dira, baita 3D inprimagailuetan aritzeko aukera eta bideo-jokoen txapelketatan parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Honez gain, 360ºtan proiektatzen duen zinema esferiko baten murgiltzeko aukera izango dute gune honetara gerturatzen direnek. Gainera, azken belaunaldiko produktuen salmenta postuak eta informazio guneak izango dira bertan.
Hala ere, trebakuntzan jarri dute aurten ere indar gehiena eta 38 hitzaldi eta tailer izango dira bertan. Euskal Encounterren ezaugarri den ezagutzak partekatzeko bokazioa indartu nahi izan dute zilarrezko ezteiak ospatzeko, eta segurtasun informatikoa, robotika, programazioa, web garapena, sormen digitala eta marketina bezalako gaietan eskainiko dituzte trebakuntzak.
Informazio gehiago jaso eta egitarau osoa eskuragarri dago Euskal Encounterren webgunean.