Ertzaintzak jakinarazi duenez, uda hasi denetik gora egin dute besarkada solidarioaren bidez Gipuzkoan egindako lapurretek. Guztira 65 lapurreta zenbatu dira 2017ko lehenengo seihilekoan. Kasu hauetaz gain, Udaltzaingoak erregistratutakoak eta poliziaren aurrean salatu ez diren lapurreta eta lapurreta-saiakerak ere badaude, eta beraz, zifra erreala handiagoa litzateke.
Besarkada solidarioa
Ertzaintzak jakinarazi duenez, lapurtzeko besarkada solidarioa erabiltzen dutenak, era horretako delituetan espezializatutako "banda ibiltariak" izaten dira normalean. Biktimari pertsona bat hurbiltzen zaio kalean, Ertzaintzaren arabera "ia beti emakumezko gazteak" izaten dira, eta "informazioren bat eskatu ondoren eskerrak emateko besarkada bat ematen dio". Une horretan, "aukeraz baliatuz, bitxiak edo diru-zorroa" lapurtzen dizkio.
Adinekoen konfiantza lortzeko erabilitako aitzakiak era askotakoak izaten dira Ertzaintzaren ikerketen arabera. Kasu batzuetan, "biktimari helbide jakin bat galdetzen diote, ospitale bat, osasun-zentro bat, eta abar, eta behin arreta eta informazioa lortzen dutenean, besarkada bat ematen diote esker ona adierazteko eta, bide batez, soinean daramatzaten bitxiak edo dirua kentzeko". Beste batzuetan, aitzakia izaten da "lepoan edo eskumuturrean imitazioko bitxi bat jartzea, eta kontaktuaz baliatzen dira lapurreta egiteko". Biktimak ezagun baten antza duela esatea izaten da beste aitzakia bat Ertzaintzaren arabera. Gizonezko adinduen kasuan, "nolabaiteko sexu-harremana ere proposatzen diete, eta ezkutuko leku batera eramaten dituzte lapurreta egiten ari zaizkiela ohartu ere egin gabe".
Adineko biktimak
"Biktimak adin handikoak izaten dira, eta leku bakarti samarretan hurbiltzen zaizkie" dio Ertzaintzak. Izan ere, "printzipioz, ahulagoak dira eta, lapurreta egiten ari zaiela ohartzen badira, nekezago egingo diete aurre". Gainera, "bitxiak agerian daramatzatelako aukeratzen dituzte".
Ertzaintzak herritarrei ohartarazi nahi die biktima izan daitezkeenak, batez ere 70 urtetik gorako gizon-emakumeak, kontzientzia daitezen eta ez daitezen fida ezezagunek adierazitako era horretako esker-on beroez.
Besarkada solidarioaren metodoa ez da ezer berria, aurreko urteetan ere, batez ere uda garaian, hainbat kasu ezagutu dira Gipuzkoan. Lapurreta egiteko modus operandia biktimaren eta inguruaren arabera aldatu egiten bada ere, normalean "azken helburua da biktimarekin kontaktu fisikoa izatea abileziaz edozein bitxi, dirua edo diru-zorroa kentzeko" dio Ertzaintzak. Kasuren batean, lapurreta auto batetik egin izan dute.
Aholkuak
Ertzaintzak herritarrei, oro har, eta adinekoei, bereziki, gomendatzen die erne egoteko halako egoeren aurrean, eta beti izateko kontuan oinarrizko ohar batzuk ahal den neurrian halako egoerak saihesteko.
- Ez erakutsi nabarmenkeriaz bitxiak kalean, ez erabili objektu baliotsurik egunerokoan.
- Ahal den neurrian ez hitz egin ezezagunekin.
- Ez fidatu ustekabean zu liluratzen edo entretenitzen ahalegintzen diren pertsonez.
- Ez fidatu arrazoi argirik gabe kontaktu fisikoa (besarkada, muxua, laztana) lortzen saiatzen diren pertsonez.
- Saiatu kalean bakarrik ez ibiltzen, batez ere banketxera joan behar baduzu (familiartekoren batekin, konfiantzazko pertsona batekin, joan beti).