Ez daude bi app denda bakarrik

Jokin Guridi 2017ko uzt. 14a, 14:13

Guztientzako ezagunak bihurtu diren bi aplikazio dendatatik kanpo badago beste merkatu bat. Google eta Apple handien atzetik Amazon, Uptodown, Aptoide edo F-Droid bezalako zerbitzuak indarra hartzen ari dira aplikazioak eskuratzeko leku bezala.  

Mugikorretarako sistema eragileak sortzen dituzten beste enpresa historikoez gain, hau da, Windows eta Blackberry, beste hainbat denda edo aplikazioak erosteko plataforma sortu dira gero eta handiagoa den merkatu horren zati bat eramateko asmoz. Erabiltzaileak denda hauetara jotzen ari dira batez ere eskaintza berezien bila eta baita beraien herrialdean eskuragarri aurkitzen ez diren aplikazioen bila.

Horien artean, indar gehien hartzen ari dena Google Play Store eta Apple App Storearen atzetik Amazon Appstore izenekoa da. Amazon erraldoiaren beste negozio bat da hau eta bere Fire tabletan erabil daitezkeen aplikazioez gain Android eta Blackberry gailuentzako aplikazioak ere saltzen ditu. Amazon Underground aplikazioa jaitsi behar da denda hau erabili nahi bada Android gailuetan eta segurtasun ezarpenak aldatu Play Storekoak ez diren beste aplikazioen erabilera baimentzeko.

Txikiagoetara joz, Uptodown bezalako enpresak agertzen dira. Enpresa espainiar hau 2002an sortu zen ordenagailutarako softwarearen distribuzio plataforma bezala baina mugikortasunaren joerarekin aplikazioetara jauzia eman zuen. Gaur egun Android sistema eragilerako aplikazioak eskuratu daitezkeen aplikazio propioa du eta 30.000 aplikazio daude eskuragarri bertan.

Beste kontzeptu desberdin bat da Aptoide izenekoa, non bakoitzak bere denda propioa sortu dezakeen aplikazioak saltzeko. Gaur egun 245.000 denda baino gehiago ditu eta guztira 795.000 aplikazio baino gehiago aurkitu daitezke bertan. Izaera desberdina du F-Droid dendak ere, kode irekiko plataforma izaki bertan aurkitzen diren aplikazio guztiak kode irekikoak dira eta guztiak dira doakoak. Honetaz gain, badira beste Androiderako aplikazioak dituzten denda batzuk ere, SlideMe eta APKMirror esaterako.

iOS sistema eragileentzat, hau da, Apple gailuentzat, zailagoa da ofiziala ez den denda batetik aplikazioak jaitsi eta instalatzea. Sistema eragileak dituen oztopoak gainditu behar dira horretarako eta jailbreak bezala ezagutzen den manipulazioa egin behar da gailuan. Honek esan nahi du gailuaren bermea galduko dela eta beste ondorio batzuk ere sortu daitezkeela gailuaren funtzionamenduan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak