Loreto Susperregi: "Robota inportantea izango da 4.0 industria kontzeptuan"

Mireia Bikuña 2017ko uzt. 14a, 09:00

EHUk, Ulmak eta IK4-Teknikerrek elkarlanean sari inportantea lortu dute European Robotics Challenges-en. Loreto Susperregik eman ditu proiektuaren ezaugarriak.

Zein izan da aurkeztutako lana?

Banaketa zentroetan eskariak prestatzeko elkarlaneko robot baten prototipoa garatu behar izan dugu. EHUn, Ulman eta IK4-Teknikerren aspalditik dihardugu proiektu honetan. Hainbat fase gainditu ditugu, proposaturiko prototipoa, elkarlaneko robota, alegia, fisikoki garatu arte. Lehenengo fasean hogei lan zeuden, bigarrenean hamabost eta azkenekoan bost.

Zer saritzen da lehiaketan?

Partzuergoak lankidetzarako espazio bat sortu du 4.0 industriaren testuinguru berrian, lan inguruneetako oztopoak kenduz. EHUk robotikaren eta sistema autonomoen alorreko RSAIT ikertaldearen bidez parte hartu du; IK4-Teknikerrek, bestalde, bere ezagutza guztia baliatu du automatizazioko eta robotikako bere soluzioan oinarri hartuta. Alde batetik, orain arte landutako esperientzia, eta, beste alde batetik, bisioarekin, segurtasunarekin eta manipulazio mugikorrarekin lotutako teknologien arloko ikerketak.

Nola baloratzen duzue sari hau lortu izana?

Guztiz positiboa da. Egindako ikerkuntzari (I+G+B) saria da, baita elkarlanari eta aplikazio zehatz batean funtzionatzen duen soluzio bati emandako saria ere.

Zertarako erabiliko da robot hori?

Aplikazio honetan, picking-eko soluzio flexible bat aurkezten da, banaketa zentroetan eskariak prestatzeko. Orain arte eskuz egiten zuten prestakuntza, eta, aurrerantzean, robotak lagunduko dio teknikariari prestakuntza prozesuan.

Lankidetzan landutako lana da. Lau erakundeen ekarpenak ezinbestekoak izan dira?

Ikerketa munduan elkarlana ezinbestekoa da. Erakunde bakoitzak bere espezializazioarekin lotutako eduki eta lanak gehitu ditu. Azken batean, denon artean lortutako emaitza garrantzitsua da. Gutariko bakoitzak alor horretan dugun ezagutza eman dugu, eta, azkenean, emaitza oso ona lortu dugu, aurrerabide handia ekarriko baitu 4.0 industria kontzeptuaren garapenean eta elkarlaneko robotaren proiektuan.

Zenbat denbora behar izan duzue proiektu hori garatzeko?

2015ean hasi ginen proiektua garatzen, lehen zirriborroak egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak