Arrisku hauek era askotakoak izan daitezke, baina gehienetan, birusen zabalkundearekin eta datu lapurretarekin dute zerikusia. Azken kasu honetan, teknika desberdinen bitartez konektatzen den pertsonaren aktibitatea monitorizatu daiteke. Eta ez da behar tresna sofistikaturik, ezta programazio aurreratuko ezagutzarik, Interneten badaude hainbat bideo tutorial WiFi konexio publiko bat nola arriskuan jarri azaltzen dutenak, batzuk milioika ikustaldirekin.
Hala ere, bada oraindik antibirus batekin babestuta sentitzen denik ere. Egia da antibirusa beharrezkoa dela, ordenagailua kanpoko erasoetatik babesten duelako, baina datu lapurreta ez da ordenagailuan gertatzen, airean baizik. Beste modu batera esateko, antibirusa gazteluko harresia litzake, baina datu lapurreta bidean agertzen diren bandoleroek egiten dute, merkantziak gaztelu eta gaztelu artean garraiatzen diren momentuan. Gainera, WiFi publiko batean ehunka gailu egon daitezke konektatuta, eta zaila da nor den datuak lapurtzen ari dena identifikatzea.
Eta zer egin daiteke hori ekiditeko? Gauza sinpleena WiFi konexio publikoak ez erabiltzea da, hau da, sare seguru bat erabiltzea, kable bitartez konektatzea edo mugikorreko konexioa erabiltzea. Hala ere, erabili behar badira, datu pertsonalak eskatzen dituzten webguneak ekiditea gomendagarria da, hau da, pasahitzak, emailak eta kontu korronte zenbakiak esaterako. HTTPS protokoloa erabiltzea ere gomendatzen da ahal den guztietan, segurtasun maila handitzeko eta ahal den neurrian, VPN bitartez konektatzea. VPN batek datuak enkriptatzen ditu eta zailagoa egiten du datu lapurreta. Beste modu bat ere WiFi konexioa behar denean bakarrik piztuta izatea da. Nahiz eta erabiltzen ez egon, konexioa gaituta badago informazio pakete txikiak bidaltzen eta jasotzen dabil uneoro, hau da, ateak zabalik jarraitzen du.
Gero eta WiFi konexio publiko gehiago erabili, aukera gehiago izango dira segurtasun arazo bat edukitzeko, baina pentsa sistema seguruena ere ez dela zeharkaezina. Izan ere, segurtasun informatikoaren munduan esaten den bezala, hiru erabiltzaile mota daude: noizbait hackeatuak izan direnak, noizbait hackeatuak izango direnak eta oraindik ez direnak konturatu hackeatuak izaten ari direla.