LagunAro eredugarritzat jo du Urkulluk kooperatibaren 50. urteurrenean

Maite Txintxurreta 2017ko uzt. 7a, 16:16

Lagun Aro kooperatibak mende erdia bete du, eta urteurren borobil hori ospatzeko ekitaldi berezia egin dute gaur Arrasaten. Iñigo Urkullu lehendakaria bera ere bertan izan da, eta eredutzat jo ditu Lagun Aroren eta, oro har, kooperatibismoaren jardunbideak. Testuinguru horretan, politikaz berba egiteko ere aprobetxatu du, eta

Bazkide kooperatibistentzat sortutako gizarte babeserako sistema bat da Lagun Aro, mugimendu kooperatiboaren baitan sortua eta, hain zuzen, kooperatibistekin lan egiten duena.

Gaurko ekitaldian hitza hartzen lehena Jose Antonio Alustiza izan da, gaur egungo Lagun Aroko presidentea. Taldeak izandako ibilbidea goraipatu eta eskaintzen duen zerbitzua balorean jarri nahi izan ditu berak: "Lagun Aro aterki sozial bat da. Era efiziente eta errekonozituan, milaka pertsonen bizitzaren atal oso garrantzitsuak jorratzen ditu: gaixotasuna, zahartzaroa, lan falta, lan ezina... guzti hori babesten duen aterki soziala".

Zuzendari nagusiak, berriz, Luis Mari Ugartek, gaur egungo egoerari eta etorkizuneko erronkei egin die erreferentzia, eta azkenaldiko krisirik gogorrenari, Fagorren itxierari, nola aurre egin dioten azaldu du, besteak beste: "Une hartan, batzuek ia hildakotzat ere jo gintuzten. Hala ere, berehala ekintza plana jarri genuen martxan, eta kooperatibek eta bazkideek erantzun eredugarria eman zuten. Berez, oraindik langabezia estrukturalean deklaratutako bazkide gehienak beste kooperatiba batzuetan birkokatuta daude, eta benetako langabeziaren maila momentu honetan testimoniala da taldean. Espero dugu orain Edesa Industrialentzat lanean ari diren bazkide horiekin hartutako konpromisoak ere efikazia horrekin kudeatzea, azkenik gure sistemara itzuli behar izango balute".

Omenaldi ekitaldia

Horren ostean, Aukeran dantza konpainiak emanaldi berezi bat ere eskaini du, Frank Sinatrak famatu egindako My Way abestiaren bertsio bat dantzatuz. Hala, Lagun Arok gauzak "bere erara" egiteko modua irudikatu gura izan dute.

Segidan, 50 urteotan Lagun Aron nabarmendu diren zortzi pertsonari omenaldia eskaini diete, bakoitzari oroigarri bana emanaz. Pertsona horien artean presidente edo zuzendari nagusi izandakoak, kontseilu errektorean urte askuan egondakoak edota sortzaileak edo kooperatibismoaren iraultzan nabarmendu zienak. Honakoak izan dira gaur omendutakoak: Roman Balantzategi, Jesus Goienetxe, Jose Antonio Ajuria, Juan Migel Larrañaga, Juan Domingo Gaztañaga, Eduardo Arana, Jose Maria Ormaetxea eta Alfonso Gorroñogoitia. Horiez gain, zendu zen Jose Ayala Zabala eta kooperatibismoaren aita, Jose Maria Arizmendiarrieta ere gogoan izan dituzte. 

Jesus Goienetxen, 1995etik 2002ra bitartean presidente izanak, honakoa zioen: "Uste dut 50 urte hauek oso ondo eramanak direla Lagun Arorentzat eta mutualista guztientzat. Uste dut, gainera, jendea oso konforme dagoela Lagun Arorekin".

Urkulluren berbak

Ekitaldiaren bukaera aldera Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza, eta Lagun Aroren ibilbidea goraipatu eta eredutzat jo du. Taldearen jatorriaz, esan du "aitortzeko modukoa" dela orduan izan zuten ekimena, nola igarri zioten etorkizunari eta nola eraiki zuten proiektua "balio sendoen gainean". "Lagun Aro erantzukizunaren eta konfiantzaren sinonimoa da", esan du, eta lankidetzaren eta elkartasunaren balioak praktikan jarri izanagatik txalotu du.

Bere diskurtsoa bukatzeko, lehendakariak esan du Euskadiren eredua elkarlana dela, eta Lagun Aron, eta, oro har, Arrasaten, horrek inon baino zentzu gehiago hartzen duela.

Tartean, baina, egoera politikoaz ere berba egin gura izan du: "Momentu politiko garrantzitsua bizi dugu. Azken egun hauetan, konstituzioa eta 116. eta 155. artikuluak aipatzen ari dira, baita armadaren papera ere, eta fiskaltzak Kataluniako aurrekontuak auzitan jartzea ere. Berez, politikak zubigintza izan behar du, arazoei irtenbideak eskaintzeko; beti ere, adostasunaren bidez hitzarmenak gauzatzeko. Argi dugu estatuak bere baitan dituen nazio errealitateak onartu eta aitortu behar dituela. Eredu berri bat behar da; itundutako konponbide politikoak eskaini behar dira; printzipio demokratikoa eta legearen printzipioa uztartuko duen hitzarmena proposatzen ari gara. Hori da bidea. Adostutako proposamen bat, herrien eta nazioen eskariei irtenbide demokratiko konfederatu bat eskaintzeko".

Urteurren ekitaldia borobiltzeko, Lagun Aroren eraikin nagusiaren sarreran kokatu duten eskultura inauguratu dute, Iñigo Arregi eskultoreak egindakoa.

Erlazionatuak

LagunAroren mende erdia

Imanol Gallego 2017 uzt 07 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak