Edesa Industrial eta Geyser Gastech-eko enpresa-batzordeek lanuzterako deialdia egin dute, bihar, uztailaren 6a, 10:00etan. Jakinarazi dutenez, ekintza honen bidez langileek "enpresaren plan industriala aurkeztea eskatzen dute, eta planaren lanketa langileak kontuan hartuta egitea, eta ez beraiek gabe". Honetaz gain, gogorarazi nahi izan dute atzera biderik ez duten ekintzak jasaten ari direla, besteak beste "enplegu-erregulazioko espedienteak, kaleratzeak, hartzekodun konkurtso aurrekoak, edo duela gutxi hasi den garbitzaileekin erlazionatutako langileen enplegu iraungitze espedientea".
Bihar sindikatuek Jorge Parladerekin -CNA-Cata taldeko presidentearekin- batzarra dute 10:30ean. Ordu berean egingo dute geldialdia Edesa Industrialeko langileek, 10:00etatik 12:00etara Garagartzako plantaren aurrean.
2014tik Fagor CNA Group izenpean
Fagor CNA Groupek 2014ko uztailean iragarri zuen Fagor Etxetresnen aktiboen erosketa. Administratzaile konkurtsalaren gomendioari jaramon egin eta Pedro Malagon epaileak bi eskaintzaren artean aukeratu zuen kataluniarrena: 42,5 milioi eskaini zituen CNA katalanak, Cevital aljeriarraren eskaintza ia bikoiztuz; izan ere, Cevitalek, 28 milioi eskaini zituen. Azken horrek, 500 lanpostu zuzen sortzea proposatu zuen, eta Catak, berriz, 705 lanpostu. Epaileak CNA Group-en alde egin zuen 2014ko uztailean.
Urrira arte atzeratu zen operazio hori, tramite legalak tarteko. Baina ordurako 70 langile kontratatuta zeuden, eta lanean. Edozein modutan, eta urtebete baino gehiago geldi egon ostean, Edesa Industrialek azaroan ekin zion Garagartzako produkzioari, 155 langilerekin.
Bide horretan, 2014ko bukaeran ekin zion Garagartzan labeak eta plakak ekoizteari. Eta 2016ko apirilean Fagor CNAk adierazi zuen enpresako Industria Planean jasotakoa betetzen ari zirela; salmentak oso emaitza onak zituela, bereziki egosketa produktuen alorrean, non Fagor beti izan den merkatu-buru.
Baina urte bereko uztailean etorri ziren lehen kaleratzeak: 19. Eta urrian, Eusko Jaurlaritzako Lan Delegazioan Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurkeztu zuten. Orduan emandako arrazoia izan zen enpresak zuen stocka jaitsi egin nahi zutela, eta hiru hilabeteko stocka zutela kalkulatu zuten. Era berean, EREa azaroan bakarrik aplikatuko zela iragarri zuten, eta urria amaieran hasi ziren. Edesa Industrialeko Enpresa Batzordeak, berriz, ez zuen EREa onartu. Horrela abendura iritsi ziren eta beste 34 langile kaleratu zituen Edesa Industrialek, horietatik 26 Fagorreko bazkide ohiak.