Sarean anonimotasuna mantentzeko, Tails

Jokin Guridi 2017ko uzt. 3a, 17:50

Anonimotasuna eta pribatutasuna mantentzen saiatzen diren horiek badute beste tresna bat gehiago eskuragarri sarean. Tails izeneko sistema eragileak ez du arrastorik uzten erabiltzen den ordenagailuan eta sarera egiten dituen konexio guztiak TOR sare anonimoaren bitartez egiten ditu.

Tails “The Amnesic Incognito Live System” izenaren akronimo bat da, baina baita sistema eragile oso bat. Debian sistema eragilean oinarritzen da eta USB edo DVD batetik exekutatu beharra dago, ordenagailuan ezin daiteke instalatu erabilera arrasto ahalik eta gutxien uztera bideratuta dagoelako.

Izan ere, ez du uzten inolako arrastorik erabiltzen den ordenagailuan norberak hala eskatuta ez bada, eta gainera, fitxategiak, emailak eta uneko mezularitza zerbitzuak enkriptatzen ditu. Ez du inolako eraginik erabiltzen den ordenagailuaren gainean. Berdin dio norberaren gailua izan, ezagun batena edo leku publiko batekoa, Tails itzaltzean ordenagailua berezko sistema eragilearekin hasiko baita berriz pizterakoan. Ordenagailuaren disko gogorra ez erabiltzeko pentsatua dago eta soilik RAM memoria erabiltzen du, zein ordenagailua itzaltzean ezabatzen den.

Esaterako, sistema eragilea martxan jartzen den momentutik bertatik TOR sareak erabiltzen ditu Internetera konektatzeko, eta edozein konexio bertatik bideratzen da. Gainera, TOR nabigatzaileaz aparte, beste hainbat tresna ekartzen ditu Tailsek: KeePassX pasahitzak kudeatzeko tresna, LibreOffice ofimatika paketea, Inkscape irudiak editatzeko, Audacity audioa editatzeko eta Enigmail email zerbitzua besteak beste. Zerbitzu ezezagunak gehienentzat, baina pribatutasuna bermatzen laguntzen dutenak.  

Esan beharrik ez dago sistema eragilea bera eta bertan dauden tresnak kode irekiko softwarea direla, Linux distribuzio baten gainean, Debian kasu honetan, eraikita. Ez da ezagutzen nork garatu duen sistema eragilea baina guztiz irekia izateak konfiantza gehitzen dio proiektuari. Hirugarren bertsioa atera berri dute, Debian 9 gainean eraikia eta GNOME 3 mahaigainarekin eta doan jaitsi eta instalatu daiteke beraien webgunetik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak