Etxeko WiFia segurua al da?

Jokin Guridi 2017ko eka. 28a, 13:01

Argazkia: Mikel Agirregabiria

Etxe askotan dago jada WiFi konexio puntu bat baina gehienak dakarren izen eta pasahitzarekin gelditzen dira. Izen eta pasahitz hau aldatzea garrantzitsua da inor etxeko konexiora norberak nahi izan gabe ez konektatzeko.

Orain dela urte batzuk ohikoa zen etxeetako WiFi konexioa babes gabe aurkitzea, bizilagunaren WiFi konexioa lapurtzen zuen jende asko ere egon zen garai batean. Horren ondorioz, gaur egun WiFi konexio gehienak pasahitzez babesten dira. Baina seguruak al dira? Inork lapurtzen al du WiFia?

Etxeko WiFi konexiora zenbat gailu konektatuta dauden ikustea erraza da. Fing izeneko aplikazio baten bitartez, adibidez, Internet konexio batera konektatuta dauden gailu guztiak ikus daitezke. Norberarenak identifikatuz gero, beste gailuren bat konektatuta dagoen ikus daiteke. Aplikazio honetaz aparte, badaude beste tresna batzuk ere, horien artean, Angry IP Scanner eta Wireshark, esaterako.

Etxekoa ez den norbait konektatuta egon edo ez, etxeko WiFiaren pasahitza aldatzea gomendatzen da noizean behin. Internet hornitzaileak ematen duen pasahitza ez da oso segurua izaten, normalean hornitzailearen arabera patroi jakin batzuk jarraitzen dute eta nahiko erraza izan daiteke hau asmatzea.

Hornitzaileak eskainitako izen eta pasahitza aldatzeko, routerraren IP helbidea jakitea beharrezkoa da. IP helbidea jakin ondoren, nabigatzailean idatzi eta routerra kudeatzeko orri batera eramaten du. Orri honetara sartzeko, erabiltzaile eta pasahitz bat beharrezkoa izango da zenbait kasutan, routerrari itsatsita egongo dira datu hauek eta ez badaude, nahikoa da routerraren ezaugarriak bilatzaile batean sartu eta Interneten datu hauek bilatzea. Orri hau desberdina da ekoizle bakoitzarentzat, baina bertatik SSID izena (WiFiaren izena) eta WPA pasahitza (WiFiaren pasahitza) aldatu daiteke. Izena aldatzeak berez ez du segurtasunean eraginik baina sarea errazago identifikatzen lagundu dezake, eta baita berezko izena aldatzen seguruenik pasahitza aldatuta duen konexio bat dela jakinarazi dezake.

Pasahitza aldatzerakoan, gogoratu pasahitz seguru bat jartzeko gomendio orokorrak. Ez erabili etxeko norbaiten izena, telefonoa edo erraz lortu daitekeen edozein datu, eta hitz soilak erabili beharrean hizkiz, zenbakiz eta zeinuz osatutako esaldiak erabili. Zailagoa izango da horrela eginez gero norbaitek etxeko WiFia lapurtzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak