Wordpressek bulegoak salgai ditu erabilera faltagatik

Jokin Guridi 2017ko eka. 21a, 17:40

Wordpress kudeatzen duen Automattic enpresak San Franciscon duen eraikina salgai du inork erabiltzen ez duelako. Bere langile gehienak etxetik egiten dute lan eta Matt Mullenweg zuzendariaren hitzetan, gaur egun “mahai joko gehiago dago bulegoetan pertsonak baino”.

Pertsona askorendako bulegoa da lanaren ikur nagusiena. Etxetik irten eta oinez, autobusez, trenez edo kotxez beraien bulegoetara zuzentzen dira beraien aktibitatea aurrera atera ahal izateko. Bertan eguneko zortzi ordutatik gora beraien lankideekin espazio berean pasatzen dute eta ondoren, beraien etxeetara itzultzen dira. Hau pertsona askoren eguneroko joan-etorria da, baina ez Automattic enpresako langileena. 

Enpresa honek jada oso ezaguna bihurtu den Wordpress plataforma kudeatzen du. Azken urteetan izan den edozein lekutik lan egitea posible egiten duten baliabide teknologikoen garapenari esker, bertako gero eta langile gehiagok etxetik lan egitea aukeratu du enpresa bere bulegoak zituen eraikina saltzera bultzatu arte. Hau automatizazioan eta batez ere komunikazioetan izan den garapen teknologikoaren eragin zuzena izan da, askok nahiago izan dutelako etxeko malgutasuna bulegoko prestazioak baino.

“1.300 metro karratu ditu eraikinak eta gaur egun, bost pertsonek bakarrik erabiltzen dute. Honek pertsona bakoitzak 270 metro karratu berarentzat dituela esan nahi du” dio Matt Mullenweg-ek bere blog pertsonalean. Eragina izan du ere langileak, bulegora desplazatu edo ez, 250 dolarretako gehigarri bat izatea bere gastutarako eta honen aurrean langile gehienek etxetik lan egitea erabakitzea. Erabilera falta horrek bultzatuta, San Francisco erdigunean duen eraikina saltzen jartzea erabaki du.

Etxetik lan egitearen alde langileen produktibitatea handiagoa dela esan daiteke, baita zoriontsuagoak direla beraien familia, eginbeharrak eta pasioak errazago uztartu dezaketelako. Gainera, ingurugiroari begiratuz gero, langileek beraien bulegotara egiten dituzten desplazamenduak ekiditen dira eta kaltea murrizten da nabarmen. Hala ere, Apple, IBM edo Yahoo bezalako enpresek ez dute etxetik lan egitearen aldeko apustua egin, langileen arteko sinergiak urriagoak direlako eta prozesuak azkarragoak direlako guztiak leku berdinean lanean egonda. Izan ere, horrelako enpresak hartzen ari diren bidea bulegoak etxeko erosotasunera moldatzea da, betiere malgutasunaren ideiarekin buruan, baina leku fisiko berdinean lan eginez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak