Hilaren 15ean roaming tarifak Europar Batasunean desagertu ziren Ibiltaritza etxean bezala ekimenaren baitan. Andorra Europar Batasuneko kide ez denez, roaming-a izaten jarraitu beharko luke; baina honek turismoan eragin negatiboa izango duela aurreikusita, Espainiako telefono konpainiekin adostasunera iritsi nahi dute.
Frantziak, Alemaniak eta Herbehereek borondatez atxiki dute Andorra Ibiltaritza etxean bezala ekimen europarrera. Andorrara joaten diren espainiar turisten kopurua Frantzia eta inguruko beste herrialdeetako baino askoz handiago da. Horren ondorioz, Frantziako operadoreei beraien bezeroei Andorrako ibiltaritza kostuak kentzeak ez litzaieke diru galera handia ekarriko. Gainera, Carles Casadevall, Andorra Telecom-eko zuzendari internazionalak, Ara egunkari katalanari adierazi dionez, "operadore espainiarrak roaming-aren hartzaile handiak ziren eta Europar Batasuneko arau berri honekin gehien sufritzen ari direnak dira".
Turismoan eragin negatiboa
Roaming-ak Andorrako turista kopuruan beherakada ekarri dezakeela aurreikusiz, Andorra Telecom Espainiako operadore ezberdinekin akordioetara iritsi nahian dabil. Hala ere, momentuz ez dira aurrerapenik egon. Uda honetan roaming kostu altua ordaindu nahi ez bada beraz, orain arteko irtenbideetako bat aukeratu beharko da: datu paketeak kontratatu edo ibiltaritza deskonektatu eta komunikatzeko soilik wifi seinaleaz baliatu.