Gaur egun, garraio sektoreak berotegi-efektuko gasen laurdena igortzen du eta azken bi hamarkadetan hazkunde-tasarik handiena izan duen sektorea izan da. Emisioen hazkuntza ekiditeko ibilgailu arinagoak egitea da egin daitezkeen gauzetariko bat. Adibidez, auto baten pisua %10 txikiagotuta, erregaiaren kontsumoak %7 egin lezake behera. Horrenbestez, kontua da automobilgintzan ibilgailu arinagoak egiteko material berriak garatzea, hegazkingintzan dagoeneko egin den bezala. Horri erantzuteko, teknologia garatu nahi da; batetik, arintasunari dagokionez, autoak hegazkinak bezala egiteko, eta, bestetik, lehiakortasunari dagokionez, hegazkinak autoak bezala egiteko.
Testuinguru honetan kokatzen da ekainaren 21etik 23ra bitartean Donostiako Kursaal Auditoriumean egingo den MATCOMP2017 Material Konposatuen XII. Biltzar Nazionala. Biltzar honetan, hitzaldiez gain, zazpi estandeko erakusketa bat ere izango da. Haietan, ikusgai izango dira tren-bagoi baten egitura, gaur egun aluminioz altzairu herdoilgaitzez egiten diren zatiak material konposatuz ordezkatuta; hegazkin baten lurreratze-trena, fabrikazio-kontzeptu berritzaile batekin egina; grafenozko abionika-kutxa bat; automobilgintzan ibilgailuak arintzeko erabiltzen diren teknologia berriekin fabrikatutako ibilgailu-pieza bat; eta karbono-zuntzezko bizikleta-koadro bat.
Hitzaldiei dagokionez, lau hitzaldi emango dira material konposatuen fabrikazio-prozesuei buruz. Biltzarraren lehen egunean, Aernnovako Miguel Angel Castillok Aernnovak Europako Cleansky 2 (H2020) proiektuan dituen garapen teknologikoak hitzaldia emango du. Twenteko Unibertsitateko Baran doktoreak, berriz, bere ikuspegi zientifikoa emango du How to overcome challenges in reliable composite manufacturing hitzaldian. Biltzarraren bigarren egunean, Fill enpresako Wilhelm Rupertsberger izango da hizlari, 4 x 4 Strategy - Base for Automation in Composite Manufacturing izeneko hitzaldian. Azkenik, hirugarren egunean, SGL Group taldeko Andreas Erberrek Composite intensive lightweight design in automotive – today and tomorrow hitzaldia emango du.
Honetaz gain, jardunaldi bakoitza mahai-inguru batekin amaituko da. Ekainaren 21ean, ACICAE (Euskadiko automobilgintzako klusterra), Batz, Gestamp eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak arituko dira aplikazioen eta prozesu automatizatu malguen bidezko fabrikazioaren gainean hizketan. Ekainaren 22an aldiz, Airbus, Aernnova, Carbures, Ikerketa Fundazioa, DIDAMC (Material Konposatuen Garapena eta Aplikazioa) eta Tecnaliako ordezkariak izango dira Hegazkin komertzialetan erabiltzen diren konpositeek 45 urteko eboluzioa izan dute. Zer erronka berriri egin behar diete aurre orain? mahai-inguruan. Azkenik, ekainaren 23an, makina-erremintaren eta ekipo-ondasunen sektoreari buruz arituko dira Danobat,, MTorres, Fagor Arrasate, AFM (Makina Erreminten, Osagarrien, eta Tresnen Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak) eta Tecnaliako ordezkariak Ekipo- eta automatizazio-ondasunen ekoizleen zailtasunak eta aukerak izeneko mahai-inguruan. Programa osoa ekitaldiaren webgunean kontsulta daiteke.