Roboten arteko lehiaketak ezagunak dira mundu osoan. Espainia mailan bada liga bat ere, LNRC edo Lehia Robotika Liga Nazionala, hainbat kategoria desberdinetan banatzen dena eta lehia mota desberdinak ere hartzen dituena bere baitan. Esaterako, humanoideen arteko borrokak, lasterketak, futbola eta sumoa bezalako lehiak izaten dira eta bakoitzak robot desberdin bat gertatzen du lehia motaren arabera. Liga honen jardunaldi bat Iruneko Ficoban gauzatu zen maiatzaren 28an.
Lehia mota hauetariko bat robot-sumoa da. Sumo tradizionalean bezala, zirkunferentzia forma duen eremu batetik lehiakidea kanpora ateratzea da jokoaren funtsa. Eremu honek Dohyo izena hartzen du eta dimentsio desberdinak izan ditzake kategoriaren arabera. Roboten tamaina eta pisuaren arabera banatzen dira kategoriak eta arau zehatzak izatea beharrezkoa da robot guztiak baldintza berdinean lehia daitezen. Robot hauek, autonomoak edo erabiltzaile batek gidatuak izan daitezke eta robotak bere lehiakidea aurkitu eta gailentzeko mugimenduak osatzeko beharrezkoa den mekanismoak diseinatu eta eraikitzean dago lehen erronka. Bigarrena, lehian bertan aurkitzen da.
Sumobot hauek ikasketa prozesu askotan erabiltzen dira. Esaterako, Lego piezekin osatutako robotak diseinatu, eraiki eta lehian jartzea praktika gero eta ohikoagoa da Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, baita Lanbide Heziketa eta Unibertsitatean beste material batzuez osatutakoak, robotika, mekanika, elektronika eta programazioaren aplikazio praktikoak ikasi eta era ludiko batean praktikan jartzeko.
Ez da inguruan horrelako lehiak ikusteko aukera handirik izaten, eta hurrengo hitzordua, Mondragon Unibertsitateak Ordizian ekainaren 21ean antolatutakoa izango da. Bertan Arrasateko Fakultateko 9 taldek eta Goierriko Fakultateko beste 4 taldek parte hartuko dute. Kasu honetan, gehienez 25 Kg-tako gehienezko pisua duten sumobotak lehiatuko dira goizeko 10:30tan hasiko den robot-sumo lehiaketan.