Mugikorra babesteko neurriak lapurreta baten aurrean

Jokin Guridi 2017ko eka. 12a, 16:38

Mugikorra galdu edo lapurtzearekin bat barnean dagoen dena ere galtzen da, eta hau ekiditeko bai aurretik eta baita ondoren ere hartu daitezke hainbat neurri samur. PIN kode bat izatetik hainbat aplikazio instalatuta izan arte.

Jakina da uda garaia heltzearekin bat mugikorren galera eta lapurreten tasa igotzen dela. Horren adibide bat da azken Pentekoste Jaietan izan diren mugikorren lapurretak. Horrelako kasu baten aurrean aurkitu aurretik norberaren babes maila handitzeko hainbat neurri har daitezke, eta baita lapurtuz gero zer egin daitekeen jakitea interesgarri suerta daiteke.

Aurretik egin daitezkeen artean oinarrizko maila mugikorrerako sarrera babestua izatea da. Mugikorra pizterakoan PIN kode bat eskatzea eta pantaila desblokeatzeko orduan kode bat eskatzea barneko datuak babesteko modurik errazena da eta oso eraginkorra suerta daiteke. Askotan izaten dira argazkiak, dokumentuak, elkarrizketa pribatuak, bankuko datuak eta era askotariko datu sentikorrak mugikorrean eta hauek babestea garrantzitsua da.

Horretan lagundu dezaketen aplikazio batzuk ere badaude, Android sistema eragilerako AppLock eta HexLock kasu. Lehenak aplikazioetara sartzeko pasahitzak jartzea ahalbidetzen du eta zein aplikazio babestu nahi den eta zein ez aukeratzen uzten du. Bigarrenak berriz, 6 profil desberdin sortu ditzake mugikorreko aplikazio desberdinekin eta profil batetik bestera salto egiteko pasahitz bat eskatuko du. Dashline izeneko aplikazioak berriz Android eta iOS sistema eragiletan funtziona dezake eta aplikazioetarako sarrera eta pasahitzen segurtasun maila kontrolatzeko balio du.

Datuak babesteko beste era bat hauek lainoan gordetzea da, hau da, interneteko zerbitzuetan biltegiratuak izatea telefonoan izan beharrean. Gailua galduz gero bertan gordetakoa ez galtzea posible egiten dute zerbitzu hauek, hala nola, argazkiak, dokumentuak, bideoak edo kontaktuak. Zerbitzu hauek orokorrean aplikazio bat izaten dute eta sinkronizazio automatikoa gaitzeko aukera izaten dute. Bestela, IFTTT edo Zapier bezalako zerbitzuek egin dezakete lan hau automatizatuz gero.

Aurretik egin daitekeen beste gauza bat galduz gero mugikorra bilatzen laguntzen duten aplikazioren bat instalatzea da. Aplikazio hauek mugikorra distantziara itzali, GPS bidez lokalizatu eta datuak ezaba ditzakete besteak beste. Android sistema eragilean Find your phone webgunearen bitartez egin daiteke hau eta iOSen Find my iphone webgunean egin daiteke iCloudekin sinkronizatuta izanez gero. Bestalde, hau egiten duten aplikazioak ere badira merkatuan, Cerberus edo Prey esaterako. Aplikazio hauek, honetaz gain, beste funtzio batzuk ere eskaintzen dituzte.

Hala ere, tamalez, nahiz eta neurri guzti hauek hartu, ez da mugikorra lapurtzea ekidingo. Galdu edo lapurtuz gero, egin beharreko lehen gauza telefonia mugikorreko operadorearen zerbitzu teknikora deitu eta zerbitzua etetea da. Ondoren, mugikorrean kreditu txartelen bateko zenbakia, Paypal kontua edo ordainketak egitea baimentzen duen beste edozein zerbitzu alta emanda izanez gero hauek blokeatu eta pasahitza aldatzea litzake. Honekin batera, eta batez ere lapurtuz gero, denuntzia bat ezartzea gomendatzen da poliziaren aurrean, IMEI zenbakia ahal bada ere emanez. Behin hau eginda, eta batez ere mugikorra lokalizatzeko zerbitzuren bat izanez gero, poliziaren eskutan utziko da mugikorra kokatzeko aukera eta honen bila joateko erantzukizuna. Ez da inola ere gomendatzen norbera mugikorraren bila joatea.

Neurri guzti hauekin, ez dira lapurretak ekiditen baina lapurreta baten edo mugikorra galtzearen eraginak minimizatu daitezke, mugikorra berriz ere errekuperatzeraino, suerte apur batekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak