Haurrek txikitatik ikasten dute gailu desberdinen bitartez sarera sartzen. Askotan, gurasoak baino azkarrago joaten dira eta gurasoengan kezkak sortzen dituzte, non dabiltzan eta zer egiten duten bertan jakiten ez delako. Hau ekiditeko modu bat sistema eragileek eta nabigatzaileek izaten duten aplikazioak eta edukien sarrera mugatzeko aukerak dira, baina Google haratago joan da eta hezkuntzatik heldu dio kezka hauei.
Be Internet Awesome proiektua garatu du haurrei Interneten egiten duten nabigazioaren inguruko praktika onak eta arriskuak erakusteko. Family Online Safety Institute, Internet Keep Safe Coalition eta ConnectSafely bezalako erakundeekin elkarlanean garatu du proiektua eta bost ikasgaitan banatu du programa osoa. Ikasgai hauek Interland izeneko jolasaren bitartez garatzen dira eta gurasoentzat eta hezitzaileentzat zuzendutako unitate didaktikoez osatzen dira. Interland izeneko mundu birtual honetan, haurrek hackerrak zer diren ikasiko dute, phishing saiakerak saihestuko dituzte, non eta nola partekatu edukiak ikasiko dute eta bullying egoerak identifikatu eta ekiditen trebatuko dira.
Be Internet Smart izeneko atalean, edukiak nola partekatu ikasiko dute haurrek, pribatutasunaren beharra eta egokitasuna bezalako kontzeptuak barneratuz. Pribatutasunaren inguruan ere Be Internet Strong atala dute, norberaren datuak eta hauen segurtasuna bermatzen ikasteko. Be Internet Alert atalean berriz, profil eta mezu faltsuak ezagutzen ikasiko dute, erreala denaren eta ez denaren artean desberdintzeko. Azkenik, Be Internet Kind atalean jarrera negatiboak eta positiboak desberdintzen trebatuko dira. Honetaz gain, prozesu osoan zeharkako ikasgai bat ere egongo da, Be Internet Brave izenekoa, edozein zalantzen aurrean galdetzeko jarrera izateko eta helduekin sarean ikusten dutenaren inguruan hitz egiteko ohitura hartzeko.
Material guztia, jolasa barne, doanekoa da eta momentuz ingelesez bakarrik dago.