Autoa aparkatu den tokia gogoratzeko aukera eskaintzen du Google maps aplikazioaren mugikorreko bertsioak. Horretarako, aparkatu ostean, aplikazioa ireki eta kokapena aktibatu beharko da. Erabiltzailea dagoen tokia puntu urdin batekin identifikatuta agertuko da, puntu horretan klikatuz Save your parking aukera azalduko da (euskaraz edo ingelesez konfiguratutako mugikorretan). Aukera hori hautatu eta aplikazioak azken aparkalekua gordeko du autoaren bila joaten garen momentua iritsi arte. Parking hitzeko P letrak identifikatuko du mapan automobilaren kokapena.
Aplikazioaren beste eguneraketa nabarmenetako bat kokapena lagunekin partekatzeko aukera da; Whatsapp aplikazioak ere eskaintzen du aukera hau. Kokapena partekatzeko aukera baliagarria izan daiteke lagunak aurkitzeko edo norbait galdu egiten denean erabiltzeko. Mendira bakarrik joandakoan ere, gomendagarria da aukera hau aktibatzea eta familia edo lagunen batekin partekatzea uneoroko kokapena. Horrela, zerbait gertatuz gero, errazagoa izango da pertsona aurkitzea.