Imanol Lasa, foru bozeramailea: "Gipuzkoarren %56,8k uste du lurraldea krisialdia gainditzen ari dela"

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 26a, 13:08

Imanol Lasa, Gipuzkoako egoera soziopolitikoari buruzko inkesten emaitzak aurkezten.

Aldundiak Gipuzkoako egoera soziopolitikoari buruzko azken inkestaren emaitzak aurkeztu ditu eta, datuen arabera, hazi egin da herritarrek egoera ekonomikoaren inguruan duten konfiantza.

Maiatzaren 10a eta 13a bitartean egin diren 1.500 elkarrizketen helburua, herritarrek Gipuzkoaren egungo eta etorkizuneko egoeraz duten iritzia eta sentipena neurtzea izan da. Inkestak bost ataletan banatuta egon dira: ekonomia eta enplegua, erakundeekiko konfiantza, hainbat gairi buruzko herritarren onespena, Aldundiaren balorazioa eta boto intentzioa. Imanol Lasa foru bozeramaileak datuen irakurketa baikorra egin du emaitzen aurkezpenean.

Krisia eta langabezia

Inkestako emaitzen aurkezpenean jakinarazi denez, biztanleen % 56,8k uste du Gipuzkoa krisialditik ateratzen ari dela. 13 puntu hazi da ehunekoa 2016ko azaroan egin zen azken inkestatik.% 28,9a aldiz, ezezkoan dago; datu honek 9,9 puntu egin du behera aurreko galdeketatik.

% 56,7rentzat Gipuzkoako arazo nagusia Langabezia eta krisia da oraindik ere, eta joera hori bera igartzen da inkesta egin duten herritarrek helarazitako eskera eta beharretan. % 70,1entzat Aldundiaren lehentasuna izan behar luke ekonomia eta enplegua sustatzeak eta % 17rentzat, berriz, gizarte laguntzen alde egiteak. Herritarrek 6ko notarekin kalifikatzen dute haien egoera pertsonala (+0,2 puntu). % 54,5ek uste du orain daukan bizi maila bera zeukala orain dela bizpahiru urte; % 32,5ek dio okerrera egin duela, eta % 11,7k, aldiz, hobera. % 51,5ek dio etxean "arazorik gabe" iristen dela hilaren bukaerara eta % 36,4k, berriz, "oso justu eta murrizketak eginez" iristen dela.

Lasaren arabera, datuak hobetu badira ere, "egonezin nabaria" dago oraindik herritarren artean. Foru bozeramaileak adierazi du Aldundiak lanean jarraitu behar duela herritarren "ziurgabetasun horrekin bukatzeko" eta Gipuzkoa Europa mailan "desberdintasun sozial gutxien" duen herrialdea izan dadin. Gogorarazi du Foru Aldundiak urtean 50 milioi euro bideratzen dituela Ekonomia Suspertzeko Planera, bereziki industria eta etorkizuneko sektoreak laguntzera, hala nola fabrikazio aurreratua, biozientziak, elektromugikortasuna edo zibersegurtasuna. Azken sektore honen harira, pasa den astean, mundu mailan jasandako zibererasoen ostean, Gipuzkoak "zibersegurtasunerako zentro aurreratua" behar duela adierazi zuen Lasak.

Ekonomia pertsonala

Gipuzkoarren % 62,4k uste du bere ekonomia pertsonalak berdin jarraituko duela datorren urtean, eta % 13,5ek, berriz, hobetu egingo dela (aurrekoan baino 2,7 puntu gehiago). Aldundia arlo horretan egiten ari den ahalegina emankorra dela uste dutenen ehunekoa, % 37,4koa izatetik % 50,7koa izatera igaro baita, datua beraz, "nabarmen hazi" dela esan du Aldundiak.

Lasak nabarmendu duenez, emaitzek erakusten dute Aldundia –haren politika ekonomikoei esker– Gipuzkoako ekonomia suspertzeko "eragile aktibotzat" hartzen duela gizarteak. "Azken urteotan herritarren eskaera nagusia izan da jarduera ekonomikoa sustatzea, kalitatezko enplegua sortzeko. Horiek dira, hain zuzen, Foru Gobernuak legealdi honen hasieran jarri zituen lehentasunetako bi. Aldundiak bere apustu estrategikoen bidez ekonomia suspertzeko egin duen ekarpena positiboki baloratzen dela egiaztatzea akuilu zaigu ildo horri eusteko, asko baitago oraindik egiteko".

Aldundiaren balorazioa

Azken udal hauteskundeak egin zirenetik bi urte igaro dira, hau da, legealdia bide erdira iritsi da. Foru bozeramaileak emandako datuen arabera, inkesta egin dutenen % 44,2k uste du Gipuzkoaren egoerak hobera egin duela aldi horretan; % 46,8k, berdin jarraitzen duela eta % 5,5ek, okerrera egin duela. Egoera hobetu dela uste dutenen artean, % 55,2k dio foru gobernuak "dezenteko ekarpena" egin duela horretan eta % 15,7k,  "handia" dela egin duen ekarpena. Ildo berean, jakinarazi diren emaitzen arabera, % 77,2ak uste du botere politiko desberdinen arteko koalizio gobernu bat izateak "mesede" egiten diola Gipuzkoari. Oro har, Gobernuak 6,16ko nota jaso du: % 42,4k iritzi ona du (azken inkestan baino 2,3 puntu gehiago) eta % 35,7k ez ona eta ez txarra.

Markel Olano diputatu nagusiari eman dioten nota hobetu egin da 2016ko azaroan egin zen inkestatik hona: ezagutza maila % 51,9tik % 59,1era igo da eta balorazioa, berriz, 5,96tik 6,11ra.

Proiektuen ezagutza maila eta balorazioa

Inkesta hauen bidez, hainbat gairi buruzko herritarren onespena ezagutu nahi izan du Aldundiak, proiektu estrategiko nagusien ezagutza maila eta balorazioaz galdetu delarik. Emaitzen aurkezpenean Aldundiak jakinarazi duenez, notarik altuena Gipuzkoako errepide sareko obra nagusiek jaso dute (7,87), eta jarraian gizarte zerbitzuak sendotzeko proiektuek (7,81) eta ekonomia eta enplegua suspertzeko planak (7,77).  Gipuzkoak gizon eta emakumeen berdintasunean duen egoerari 6,15eko nota eman zaio galdeketan, eta galdetu zaien pertsonen artean berdintasun politikak sustatzen jarraitzeko beharraren maila 10etik 8,27an kokatu dute. Bestalde, Aldundiak euskararen/hizkuntza berdintasunaren arloan duen konpromisoari 7,02ko nota eman diote herritarrek. Sentsibilitate politiko desberdinen arteko bizikidetza mailari, berriz, 6,77ko nota jarri diote, eta % 93,7k dio une honetan ez duela "inolako bizikidetza arazorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak