goiena.eus

Gipuzkoak "zibersegurtasunerako zentro aurreratua" behar duela adierazi du Imanol Lasa diputatuak

  Teknologia  Debagoiena

Asteburu honetan mundu mailan gertatutako zibereraso masiboaren aurrean, babeserako prozedurek "ondo" funtzionatu dutela eta "egoera normala" dela adierazi du Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Gobernantza diputatuak. Hala ere, horrelako gertaerak geroz eta ohikoagoak izan litezkeela, eta benetako arriskua ekar lezaketela uste du Lasak.

Gipuzkoak "zibersegurtasunerako zentro aurreratua" behar duela adierazi du Imanol Lasa diputatuak
Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea eta Gobernantza diputatua. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zibersegurtasun zentroa

Lasak nabarmendu duenez, babeserako mekanismo eta protokoloek “ondo funtzionatu” badute, eta Gipuzkoa “seguru” badago ere, haren esanetan, ostiraleko gertakariak agerian uzten du premiazkoa dela “Gipuzkoan zibersegurtasunerako zentro aurreratu bat edukitzea, gure erakundeei eta ekonomia ehunari sostengua emateko horrelako erasoen babes eta prebentzioan, haien jardueran eta negozioan eragin nabarmena eduki dezaketelako”.

Ildo horretan, gogorarazi du Gipuzkoak dagoeneko heldu diola alor horretako zentro aurreratuaren diseinuari, eta hurrengo asteetan “nazioarteko eragileekin kontrastatuko dugula, proiektua indartzeko nazioarteko aliantzak aztertuz”. Zentro honen egiteko nagusia izango da Gipuzkoako industriari alerta eta prebentzio zerbitzuak eskaintzea, baina formakuntzari eta sentsibilizazioari lotutako adarrak ere edukiko ditu. Azken alor honetan lanean ari da Aldundia azken hilabeteetan, datorren urtetik aurrera zibersegurtasunean espezializatutako zikloak eskaintze aldera Lanbide Heziketaren barruan.  

“Kontua ez da alarmismoan erortzea, baizik eta Gipuzkoaren lehiakortasunean eragin zuzena eduki dezakeen errealitate bati aurre egitea. Zibersegurtasunean espezializatutako enpresa asko dauzkagu lurraldean, eta gure industria ehunak mota horretako zerbitzuak eskatzen ditu. Beraz, lurralde mailako lehentasun baten aurrean gaude, eta Aldundiak horrela hartzen du”, amaitu du.

Gipuzkoako administrazio esparrua seguru

Asteburu honetan mundu mailan gertatutako zibereraso masiboaren aurrean, Gipuzkoako administrazioaren esparruan, Foru Aldundiak, IZFE Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearen bitartez, hainbat ekintza egin ditu lurraldeko erakunde eta entitateen sare eta ekipoen segurtasuna bermatzeko. Arlo horretako diputatu Imanol Lasak aditzera eman duenez, une honetan egoera “normaltasun ia osokotzat jo daiteke”, Aldundiaren sarean egindako eskaneatzeak ez baitu “inolako positiborik” eman. Hala ere, adierazi du “erne” jarraituko dutela eraso gehiago gertatuko balitz, edo bestelako afekzio puntualak detektatuko balira.

Joan den ostiralean, erasoaren berri eduki bezain laster, IZFEk Aldundiaren sareak isolatu zituen, korreo elektronikoko zerbitzuak, eta interneteko irteera eta sarrera bertan behera utzita. Denbora gutxian, internet martxan jarri zen kanpotik barrura, eta horrek ahalbidetu zuen “herritarrentzat eta enpresentzat Aldundiaren zerbitzu elektronikoak eskuragai jarraitzea”. Antibirusak birusa detektatzen zuela, eta Firewall-arekin batera korreoak aztertzeko hesi egokia izan zitekeela egiaztatu ondoren, larunbatean korreo elektronikoaren erabilera baimendu zen, beharrezko neurri guztiak hartuta.

Interneteko sarbide irekiaren zerbitzuak –Aldundi barrutik kanpora- gaur eguerdi aldera jarri dira martxan. Beraz, ondorioztatu daiteke zibererasoak ez duela eraginik eduki foru erakundeak herritarrei ematen dien zerbitzuan.

Neurri horiek, erasoaren balizko ondorioak saihesteko eta detektatzeko beharrezko azterketa eta diagnostiko lanekin osatu dira, eta baita txosten teknikoen eta kontuan hartu beharreko gomendioen hedapenarekin ere. Hala, ostiralean, IZFEtik idatzia bidali zitzaien Gipuzkoako alkateei, erasoaren eta horren aurrean hartutako neurrien berri emanez, eta udalei dei eginez beraien sareak eta ekipoak eskanea zitzaten birusaren balizko arrastoen bila. Halaber, gaur, lehen orduan, agindu zehatzak eta oinarrizko gomendioak bidali zaizkie, honako puntuak kontuan hartuta: ekipoak eguneratuta eta babestuta eduki beharra (antibirusa), informazioaren segurtasun kopiak eduki beharra (backup-ak), eta erabiltzaileak kontzientziatzea eta formatzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa