Sare sozialen arteko borrokak

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 18a, 18:24
Futurama serieko momentu bat, albokoari kopiatzen.

Aste honetan jakin da Instagramek Snapchat sare sozialaren ezaugarri bereizgarrienetako bat bere egingo duela. Snapchatek famatu egin dituen aurpegietarako filtroen ideia kopiatu eta Instagram aplikazioan aukera hori eskainiko da. Hain justu, hau da azkenaldian sare sozialen ohiko jarrera: elkarri kopiatzea.

Sare sozialen artean kopiatzea ez da gauza zaharra eta azkenaldian ikusten diren hobekuntza edo eguneraketa gehienek hori dute oinarrian.

Filtroak
Instagram hasieratik bereizi da eskaintzen dituen argazki filtro aukerengatik. Denborarekin filtro kopurua gehitzen joan da eta baita argazkiak beste era batzuetan editatzeko aukerak txertatzen ere. Aste honetan Snapchati bigarren aldiz kopiatuz, aurpegi filtroak ere gehituko dituela adierazi du. Bestalde, atzo WhatsAppi buruz filtratu zen informazioaren arabera, Instagrami kopiatu eta argazkietarako filtro aukera txertatuko du aplikazioaren hurrengo eguneraketan. Hasteko, hala ere, soilik bost filtro eskainiko dituela filtratu da.

'Stories'
Snapchaten ezaugarri nagusienetako bat bertan partekatzen diren argazki, gif eta bideoak 24 ordura desagertzen direla da. 2011tik duela gutxi arte, Snapchat beste sare sozialetatik bereizten zuen zerbait zen Stories; baina Facebook, Instagram eta baita WhatsAppek ere, aukera hori kopiatu eta beraien aplikazioetan gehitu dute azken hilabeteetan.

Zuzenekoak 'streaming' bidez
Instagramen Stories aukerak zuzeneko argazki eta bideoak eskaintzen ditu, baina zuzenekoak emititzeko aukera beste aplikazio batzuetan aurretik existitzen zen. Twitterren Periscope ezaguna egiten lehenetarikoa izan zen zuzeneko emisio laburretarako; Facebook Livek segituan jarraitu zion horri, eta ostean Youtube etorri zen.

Birbobinatu
Instagramek beste berrikuntza baten berri ere eman du astean; Rewind izenarekin, atzeraka erreproduzitzen diren bideoen grabazioa eskainiko du. Vine plataforma antzerako aukera bat eskaintzen hasi zen duela urte batzuk, 2016an mugikorrerako aplikazioa itxi zen arte.

Zuk zer egin, nik hori kopiatu
Aipatutakoak adibide batzuk besterik ez dira, eta gauza jakina da hobekuntza ezartzen lehena izateak garrantzia galtzen duela denborarekin. Twitterren traola edo hashtag famatuak sare sozial guztietan ikusi ditzakegu egun. 'Atsegin dut' aukera ere sare sozialek elkarri kopiatu dioten zerbait da; ez soilik aukera eskaintzea, baita hori adierazteko emotikonoa ere.

WhatsAppeko dei edo bideodeiak indar handia hartu dute, baina aukera hori aurretik Facebookek ere eskaintzen zuen Messenger aplikazioaren bidez; eta hori baino lehenago Skype bezalako aplikazioek. Googleko Hangouts programak ere Skypen bideodei eta txaterako aukera aspaldi barneratu zuen.

Kopiatzeak arrakastarako formula badirudi ere, ez du beti funtzionatzen. Google+ sortu zenetik, 2011an, beste sare sozial batzuen kopia bat zela esan zen. Hasieran Facebookekin lehiatzeko asmoarekin sortu zela bolo-bolo zabaldu zen, eskaintzen zituen aukerak oso antzerakoak baitziren. Bi urte beranduago egin zituen diseinu aldaketek Pinterest sare sozialak eskaintzen zuen mosaiko formatuaren antz handia zeukan eta Hangouts txat multimediaren sorrera Skype eta WhatsAppi aurre egiteko saiakera bat bezala ikusi zen. Antzekotasun guzti hauek dituen arren, Google+ sare sozialak ez du lortu hasieran espero zuen arrakasta.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak