goiena.eus

Pauso Berriak programa garrantzitsua da adimen urritasuna duten pertsonendako

  Osasuna  Debagoiena  Oñati

Urtean behin elkartzen dira Atzegikoak diren Debagoieneko familiak. Oñatin zuten gaur hitzordua, eta batzarra egin dute gaztelekuan. Jarraian etorri dira euskal dantzen ikuskizuna, txikiteoa, bazkaria eta dantzaldia.

Festa eguna izan ohi da Debagoieneko Atzegi Eguna. Aurten, Oñatin elkartu dira bailarako kideak eta hasteko eta behin batzarra egin dute gaztelekuan. Mikel Biain alkateak ongi etorria egin ostean Atzegiko arduradunek Pauso Berriak programaren garrantziaz ohartarazi nahi izan dituzte familiak. Adimen urritasuna duten pertsonen integrazioa helburu lanpostu bat bilatzeaz arduratzen dira Pauso Berriak programan. Programak eragin handia du Atzegiko kideen autonomian zein auto-estimuan.

Ikus-entzunezkoen zein testigantza zuzenen bitartez hainbat adibide eman dituzte gaurko batzarrean. "Oso programa garrantzitsua da ze azkenean adimen urritasuna duten pertsonei beste aukera bat ematen die lan munduan. Lan aukerak zabaltzeko modu bat da", adierazi du Atzegiko teknikari eta Debagoieneko familien zerbitzuan lan egiten duen Naroa Artolak.

Aldaketak gizartean ere

Gizartea ere aldatzen doala ohartarazi du Artolak. "Atzegik 56 urte dauzka eta aldaketa handiak izan dira gizartean. Etxean egotetik kalean egotera pasa dira adimen urritasuna duten pertsonak. Eta hori da nabarmendu nahi duguna: zeinen garrantzitsua den ingurua pertsonengan".

Batzarra egin ostean festa giroan murgildu dira Atzegiko familiak. Oñatiko dantzari gazteek eskainita euskal dantzen ikuskizunaz gozatu dute Foruen Plazan. Jarraian etorri dira txikiteoa, bazkaria eta dantzaldia. "Festa giro honetan egotea ere oso garrantzitsua da. Herrian zehar ibiltzen gara beste edonor moduan".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa