Etxaldeko animalien kudeaketa hurbil eta azkarra Nekagip aplikazioari esker

Jokin Guridi 2017ko mai. 12a, 12:53

Gipuzkoako baserritarren eta behi etxaldeen ustiapenen jabeen tramiteak erraztuko dituen aplikazioa aurkeztu da. Beraien datuak kontsultatu eta abelburuen mugimendu guztiak errazago eta izapide gutxiagorekin egin ahal izango dira bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen sektorean abereekin lanean ari diren pertsonen eguneroko lanean egin beharreko tramiteak erraztuko dituen Nekagip aplikazioa aurkeztu du. Aplikazioaren diseinua erabiltzaileekin elkarlanean egin da, batez ere tramiteak egiteko moduak diseinatzerakoan. Izan ere, lehen sektoreak demandatzen duen des-burokratizazioaren pausu berritzailea da, bertatik, norberaren ustiapenen xehetasunak kontsultatzeaz aparte landa ingurunearen eta lurralde orekaren inguruan sortzen diren tramite eta albisteen berri ere jasoko dutelako mugikorrean. Orain arte, Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan (ENB) eskatu behar zituzten datuak eskura izango dituzte Nekagip aplikazioan, besteak beste, datu orokorrak, aitortutako lurrak zerrendatuta eta grafikoki, datu ekonomikoak eta azken hiru urteetan eskatutako eta kobratutako laguntzen informazioa.

Momentuz behi etxaldeen kudeaketa egiteko soilik balioko du baina ardiak, ahuntzak, zaldiak eta gainontzeko abereen tramiteak aplikazioaren bitartez egitea aurreikusten dute etorkizunerako. Gaur egun, lurraldeko erregistroan 14.800 ustiategi daude erregistratuta eta horietatik 4.500 inguruk behi aziendak dituzte. 2016an guztira 55.000 abelburu zeuden zentsatuta eta horietatik 25.000 beraien etxaldetatik kanpo mugitu ziren, mugimendu horientzat gidak derrigorrezkoak izanik. Aplikazioarekin mugimendu hauek errazago eta izapide gutxiagorekin egin ahal izango dira. Basurdeek nekazaritzan eragindako kalteen espedientearen egoeraren jarraipena ere egin daiteke bertan, nahiz eta parteak oraingoz ehiza federazioan edo Foru aldundian egiten jarraitu beharko den.

Aplikazioa doakoa da eta momentuz Android sistema eragilerako bakarrik garatu bada ere iOS sistema eragilerako laster prest egongo da. Hala ere, teknologiarekin ongi moldatzen ez diren horiek orain artean bezala gestioak modu tradizionalean egiteko aukerak jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak