goiena.eus

Bideojokoak prozesu industrialetan trebatzeko

  Teknologia  Debagoiena

4.0 Industria eta serious game edo bideojoko serioak elkartzen direnean prestakuntza ingurune pertsonalak sortzeko aukera dago, non langilea prozesu industrialetan trebatu daitekeen lekuan bertan egon gabe eta akatsek izan dezaketen arrisku eta kostu gabe.

Bideojoko serioak edo ingelesezko serious game kontzeptuak erabilera ludikotik aparteko bideojokoei erreferentzia egiten die. Bideojoko hauek industrian erabiltzen dira batez ere baina baita osasun arloan, larrialdien kudeaketan, urbanismoan eta politikan. Trebatu nahi den gaiaren inguruko simulazio bat eskaintzen du baina balio pedagogikoak ditu eta nolabait jolasa edo lehia ere gehitzen zaizkio. Ikastena ari denarentzat, ingurune seguru bat suposatzen du non akatsek ez duten ondorio larririk eta ikasketa prozesua errazagoa izatea baimentzen du.

Euskal Herrian ere bada horrelakoak egiten dituenik. Binary Soul startupak hiru urte daramatza bideojokoen inguruko garapenak egiten. Azken hilabeteak GTS (Gamified Training System) sisteman lanean ari dira, prestakuntza-sistema pertsonal bat bereziki fabrikazio industrialeko prozesutara zuzenduta dagoena. Sistema honek 3Dn eraikitzen ditu fabrika orokor bateko espazio desberdinak eta espazio horretan ohikoak diren makinen liburutegi batetik espazio horretan sar ditzake lantegi industrial bat eratuz. Liburutegi horretan prentsak, tornuak, eta laser ebakigailuak aurkitu daitezke besteak beste.

Lantegi birtual honetan ez da makinak nola funtzionatzen duen erakusten, prestakuntza makina horrekin pieza zehatz bat egiteko parametroak eta urratsak zeintzuk izan behar dien erakusten dio langileari. Egokia da I+G sailetik definitzen diren pieza berrien fabrikazio prozesua langileei erakutsi eta hauek trebatzeko pieza ekoizten hasi aurretik. Gainera, urruneko prestakuntza bidez egin daiteke prestakuntza, langileak eta prestatzaileak leku batetik bestera mugitu beharrik gabe.

Momentuz, CIE Automotive enpresan jarri dute martxan eta oraindik hobetzeko gauzak dituen arren lehen balorazioa positiboa izan da, eta honek eraman ditu Hannoverren izan den 4.0 industriaren azoka garrantzitsuenera. Hala ere, Binary Soulek egindako lan guztiak BasqueGame Lab zentroan probatu daitezke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa