Mondragon Assemblyk eguzki panelak muntatzeko munduko makina automatikorik azkarrena garatu du

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko mai. 10a, 12:31

Ikerkuntzan eta garapenean egin duen ahaleginari esker, merkatuko soluziorik aurreratuena eskaini dezake orain Mondragon Assemblyk. Kooperatibak 80 milioi euro baino gehiagoren eskaera zorroa dauka eta errekor berria ezarri du bere jardueran.

2000. urtean hasi ziren eguzki panelak muntatzeko makinak egiten, eta orain, ikerkuntzan eta garapenean egin duten ahaleginari esker, merkatuko soluziorik aurreratuena eskaini dezake Mondragon Assemblyk. “Modulu fotovoltaikoak muntatzeko lineak fabrikatzen ditugu. Orain garatu duguna da linea horren zati bat, munduko efizienteenetakoa eta bizkorrenetakoa. Kasu honetan, hiruzpalau makina bata bestearen ostean jarrita, linea zati horrek ekoiztuko lituzke 160 megawatt eguzki modulu urtean”, azaldu du Mondragon Assemblyko saltzaile Igor Herrartek. Horrek esan nahi du ia 600 mila modulu fabrika dezakeela urtean linea bakar batek, makinak behar duen lekua oso txikia dela eta oso lehiakorrak direla ekoiztutako unitateko.

Linea osoko lehenengo zatia da batez ere euren indargunea. Eta euren bezeroak modulu fabrikatzaileak dira. “Modulu fabrikatzaileak nahi duenean hastea moduluak ekoizten edo aurretik dauzkan lineak hobetzea, automatizatzea edo ahalmen gehiago izatea nahi baldin badu, erosten du linea bat, izan daitekeela handiagoa, txikiagoa, automatikoagoa, manualagoa... Guk azkenean egiten dugu eurek eskatutako ezaugarrietako lineak. Hori da gure negozioa", adierazi du Herrartek.

Mundu mailan hedatuta

Aretxabaletako plantan makina horiek garatzen dituzte eta eguzki negozioak 40 lagun enplegatzen ditu dagoeneko bertan. Hala ere, mundu mailan hedatuta dagoen enpresa da Mondragon Assembly: Europan Aretxabaletako planta da nagusia, baina Frantzian eta Alemanian ere badituzte; Ameriketan, Mexikon eta Brasilen dituzte planta bana eta Txinan ere badute bat. Zerbitzua emateko bulegoak Indian eta Singapurren ere badituzte.

Errekor berria: 80 milioi

Negozioan bi unitate nagusi dituzte: bata, orain arte azaldutako eguzki energiarena da, eta bestean, automatizazio berezia garatzen dute. Iazko urtearen balantze positiboa egin dute eta etorkizunera begira ere aurreikuspen onak dituzte.  Izan ere, azken hilabeteotan hainbat eskari jaso dituzte eta horiek 80 milioi euroren muga gainditzea ahalbidetuko dute. Eskari zorro horrek lan karga handia bermatzen dio kooperatibari aurtengo zein 2018rako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak