Askotan entzun ohi da denbora falta dagoelako edota zaila delako norbaitek euskaraz egiten ikasteko edo bere euskara hobetzeko aitzakia. Eta baita askotan entzun ohi da aplikazio honen edo haren bitartez norbait hizkuntza bat ikasten ari dela. Ohiko bi komentario hauek lotzen dituzte euskaraz ikasteko aplikazioek, zeintzuk edozein momentutan eta norberak bere maila eta erritmora bere euskara hobetzeko tresnak diren.
Haurrentzat hainbat aplikazio daude beraien lehen hitzak euskaraz ikas dezaten. Esaterako, Esanbaki! aplikazioa 0 eta 6 urte bitarteko haurrei jolastuz euskarazko 156 hitz berri erakusteko sortua izan da Montessori teknikaren bitartez; edo Zenbakiak eta hizkiak aplikazioa 0-9 bitarteko haurrei zenbakiak eta hizkiak jolasaren bitartez erakusteko erabili daiteke. Zenbakiak haurtxoentzat sinpleagoa da eta batetik hamarrera zenbatzen erakusten die eta Ku-Ku! berriz konplexuagoa, non haurrek jolasean beraien euskara maila hobetzen duten bitartean gurasoek hauen garapenaren jarraipena egin eta umeekin hitz egiten dutenean egiten dituzten akats ohikoenak zuzentzeko aukera duten. Azkenik, Katamotz aplikazioa 5 urtetik gorako haurrentzat zuzenduta dago eta irakurketa eta idazkera lantzeko 6 ariketa ditu. Esan gabe doa aplikazio hauek haurrei zuzenduta egon arren euskararekin lehen kontaktua izan nahi duten helduentzat ere baliagarriak izan daitezkeela.
Hala ere, badaude erabiltzaile helduentzat propio sortutako aplikazioak. Bagoaz da horren adibide garbienetako bat, non 36 gaietan barrena euskararen gramatika eta lexikoa ikasi daitezkeen ariketa desberdinen bitartez. Honetaz gain, badira hizkuntzaren arlo zehatzak lantzeko aplikazioak ere, besteak beste, deklinabideak lantzeko Deklinabidea, ortografia lantzeko Ortograpp, aditz laguntzailea lantzeko Aditzapp eta ahozko ulermena eta irakurmena lantzeko Ulermenapp. Hala ere, kutsu akademikotik aldendu eta era ludikoago batean euskaraz ikasi nahi izanez gero lexikoa hobetzeko hainbat joko daude eskuragarri. Adibidez, Hitzatu aplikazioan irudien bitartez hitza asmatzera jolastu daiteke, emandako hizkiekin hitzak sortzera jolastu daiteke Hitzekin Jolastuz aplikazioan eta Auskalo aplikazioan berriz, esaldiak osatu beharko da emandako aukeren artean hautatuz.
Aipatutako aplikazioez gain, badira mugikorrera zuzendutako beste hainbat baliabide euskara maila hobetzeko. Elhuyar Fundazioak Elhuyar Hiztegiak online eta Euskalterm terminologia bankua ditu eskuragarri eta Labayru Fundazioak hiztegi elebiduna eta fraseologiakoa eskaintzen ditu Labayru hiztegiak offline aplikazioan.
Azkenik, Euskara Gaitasun Agiria lortu nahi duten horientzat, hau da, maila aurreratua duten horientzat, euskara maila hobetzen eta azterketa prestatzen lagunduko dien aplikazioak badaude. Adibidez, EGA App eta Ikasega.
Aipatu beharra dago ere kxo! aplikazioa, turismoa euskal herrian egin nahi duten horientzat euskarazko hitz erabilgarriak ikasteko balio duena, gaztelaniatik, frantsesetik, ingelesetik eta katalanetik.