Ohetik jaikitzea kostatzen zaien horientzako aplikazioak

Jokin Guridi 2017ko api. 26a, 17:39

Mugikorraren erabilera ohikoetako bat iratzargailu bezala erabiltzea da eta aplikazio hauei esker, errazagoa izango da esnatzea itzaltzeko aurkezten duten zailtasunengatik.

Beraien erabilera mendebaldeko gizartera hedatu zenetik mugikorrek beti izan dute iratzargailu tradizionalak ordezkatzeko joera. Pertsona askok erabiltzen dute mugikorra goizean entzuten duten lehen gauza bezala, esnatzeko tresna bezala. Hala ere, mugikorrean alarma ordu desberdinetan programatu daiteke eta ohetik irtetea kostatzen zaien askok egiten duten bezala, bost minuturo jotzeko jarri, honek dakartzan ondorioekin: bikotearen haserreak, lokartu eta berandu heltzea, norberak bere buruari engainatzea… Aplikazio denda garrantzitsuenetan hainbat aplikazio aurkitzen dira guzti hau ekiditeko.

Alarmy izeneko aplikazioak iratzargailuaren soinua nola kendu aukeratzen uzten du. Adibidez, eragiketa matematiko bat ebatzi beharra edo mugikorra hainbat aldiz astindu beharra soinua kendu ahal izateko. Argazki bat egitea ere eskatu dezake, edota interesgarrienetariko bat: logelan zehar edo beste gelaren baten jarri daitekeen QR kode bat irakurtzea.

Puzzle iratzargailuak, izenak dioen bezala, alarma itzali ahal izateko puzzle baten erantzuna bilatzea eskatzen du. Maila desberdinetako puzzleak aurkezten ditu eta hau nahikoa ez bada, ekuazio matematikoak ebazteko aukera ere ematen du. Lortzen ez bada, alarmak etengabe jotzen jarraituko du.

Gogorrenetariko bat Wake N Shake izenekoa da. Iratzargailu hau itzaltzeko mugikorra astindu egin behar da aplikazioak esan arte, eta orduan bakarrik utziko dio zarata egiteari. Maila desberdinak ditu eta mailaz igotzen joan daiteke ohitu ahala.

Mugitzera bultzatzen duen beste aplikazio bat Shakeit da. Iratzargailu honen protagonista hartz bat da, eta alarma gelditzeko hartzari gauzak egin behar zaizkio. Mugikorra astindu, oihu egin eta pantaila behin eta berriz ukitu artean aukeratu daiteke eta baita hiru aukeren artean aleatorioki goizero aldatzen joatea ere.

Azkena, eta oldarkortasun maila baxuena duena, Glimmer da. Aplikazio honek egunsenti bat simulatzen du, poliki poliki pantailaren argitasuna gehitzen doa esfortzu gabe esnatu ahal izateko. Hala ere, lo sakona duten horientzat ez da egokiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak