goiena.eus

Bidaian laguntzen duten aplikazioak

  Teknologia  Debagoiena

Mugikorrak tresna erabilgarriak izan daitezke bidaiatzerako orduan, eta aplikazio egokiak izanez gero errazagoa da bidaiatzea.

Bidaia bat egiterako orduan denbora asko eramaten du hau ondo prestatzeak. Zer ikusi, non lo egin, zeintzuk diren leku interesgarrienak… guztia prest izatea nahi izaten da nahiz eta askotan denborarik ez eduki nahi bezala gertatzeko. Gaur egun, badira aplikazio interesgarri asko zeregin hauetan lagundu dezaketenak, eta baita bidaiak irauten duen bitartean ere nahiz eta Internetera konexiorik ez eduki.

  • Minube: Bidaiatzeko aplikazio onenaren sari ugari jaso dituen aplikazioa, bidaia gertatzen lagundu eta lekuan bertan erabilgarria da. Geolokalizazioari esker inguruan diren leku interesgarriak azaltzen ditu eta bisitatutako lekuak gorde eta beste edozein momentutan ikus daitezke.
  • Tripadvisor: Eduki aldetik gehien eskaintzen duena da, batez ere duen erabiltzaile komunitate handiari esker. Bidaiak planifikatzeko baliagarria da baina ehunka hirietako gidak ere eskaintzen ditu, deskargatu daitezkeenak eta Internetera konektatu gabe kontsultatu. Lekuen inguruko erabiltzaileen iritziak eta iradokizunak ere jasotzen ditu.
  • Lonely Planet: Gidak egiten dituen etxe ezagun honek ere badu bere aplikazioa, eta hirietako gidak jaitsi eta konexio gabe erabili daitezke. Erabilera erraza du baina ez ditu hiri asko bere baitan hartzen.
  • Google Maps: Mapak kontsultatzeko zerbitzu erabiliena da baina aipatzekoa da mapak konexio gabe kontsultatzeko aukera ematen duela, muga batzuekin. Konektatuta egotean mapa bat kontsultatzen bada, mapa hori mugikorrean kargatuta gelditzen da eta zonaldez aldatzen ez bada, konexio gabe ere kontsultatu daiteke.
  • City Maps: Hirietako mapak mugikorrean edukitzeko aukera eskaintzen du Internetera konektatu beharrik izan gabe. Hiri askotako mapak jaitsi daitezke eta aktibitate ugariren informazioa eskaintzen dio erabiltzaileari. Hori dela eta, mapak pisu asko hartu ohi dute.
  • Time Out: 37 hiri bakarrik barneratu arren, kalitate handiko edukiak eskaintzen ditu, batez ere hirietako ekitaldien inguruko eduki eguneratuak eskaintzen dituelako. Izan ere, hirian ezagutu beharreko lekuak aurkezten ditu eta bertan egonaldiak iraun bitartean egongo den eskaintza azaltzen du.
  • Guia Low Cost Lite: Bidaiatzerakoan euro batzuk nola aurreztu azaltzen du aplikazioak, hirietako zerbitzuak doan nola erabili edota deskontuak nola lortu. Informazioa jaitsi daiteke eta konexio gabe eduki, baina mapak izateko ordaindu beharra dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa