Korrika 20 uneoro mugikorrean

Jokin Guridi 2017ko mar. 29a, 12:44

Korrikaren 20. edizioaren inguruko berriak, momentuko kokapena eta ekitaldien agenda mugikorrean edukitzeko aplikazioa eskuragarri.

Bihar, martxoaren 30a, hasiko da Korrikaren 20. edizioa Otxandion. Hamaika egunetan zehar Euskal Herriko txokoak zeharkatuko ditu eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean. Tartean Debagoienetik ere pasatuko da, Apirilaren 8an zehazki.

Ibilbidean zehar Korrika uneoro non dagoen jakitea posible egiten duen aplikazioa garatu du Akting enpresak. Geolokalizazioari esker, behin Korrika abiatzen denean mugikorretik denbora errealean non dagoen, nork eramaten duen lekukoa eta zein abiadura daraman ikusi ahalko da. Baita norbera dagoen tokira heltzeko zenbat denbora falta den, etxetik azken minutuan irten nahi duten horientzat aproposa. Hala ere, ibilbide guztia ikustea gustatzen zaien horiek ere kontsultatu ahal izango dute mapa batean.

Honetaz gain, Korrika Kulturalaren agenda osoa ikus daiteke mugikorrean eta antolatzen diren ekitaldiei buruzko informazioa jaso. Gainera, lehiaketa bat ere martxan jarriko dute Korrikak irauten duen egunetan, non ibilbidearen inguruko galderak egiten joango diren eta egunero galdera guztiak asmatzen dituzten guztien artean sariak zozketatuko dituzten. Korrika amaitzean, eguneko irabazleen artean beste sari bat ere zozketatuko da.

Azkenik, Korrikarekin lotutako beste hainbat lotura eskaintzen ditu. Adibidez, Korrikaren 20. edizioko kanta, sare sozialetako loturak, Telegram kanala, eta Mintzatu aplikazioa jaisteko lotura ere eskaintzen du.

Korrikaren mugikorrerako aplikazioa Android eta iOS gailuetarako eskuragarri dago.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak