goiena.eus

Banda Zabal Ultra Azkarra Gipuzkoako herri txikietara ere helduko da

  Teknologia  Debagoiena

Antzuola, Elgeta eta Leintz-Gatzagara helduko da 300Mbps-eko banda zabala Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu bati esker.

Markel Olano diputatu nagusiak deialdia iragarri du banda zabal ultra azkarra zabaltzeko, Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurraldeko Orekako diputatua eta Iñaki Labaka, Lurralde Orekako zuzendariarekin batera egindako agerraldian. Aurkezpena, Larraulgo esnetarako behi ustiategi batean egin da, Olanok adierazi duen bezala “proiektu honek ustiategi eta enpresei eskainiko dizkien onurak” irudikatzeko. Bertan, gaur abiatzen den Banda Zabal Ultra Azkarraren hedapen plana azaldu du, lurraldeko 49 herri txikiek bizi duten arraila digitalari aurre egin eta 2019an digitalki herri txiki konektatuenak dituen Europako lurraldea izatea helburu duen plana.

Proiektua hiru fase ezberdinetan gauzatuko da, 2.500 biztanle azpiko udalerrietako herritarren %90ei 300Mbps-ko gutxieneko konexioa eramatea izango da helburu nagusiena. Beraz, Debagoienean, Antzuola, Elgeta eta Leintz-Gatzagak izango dute ekimen honetan parte hartzeko aukera. Proiektu honi esker, Gipuzkoako errealitateak Europa 2020 Estrategiak ezartzen duena gaindituko du, 2020. urterako herritarren %50ak gutxienez 100Mbps-ko banda zabala izatea ezartzen baitu. Deialdiaren bitartez Aldundiak instalazioaren inbertsioaren %95arte ordainduko du eta gainontzekoa operatzaileen esku geratzen da, lehen faserako 1,48 milioi eurotako aurrekontua bideratu delarik. Herritarrek konexio ultra azkarra instalatzeagatik ez dute ezer ordaindu beharko ezta inolako gestiorik egin beharko, beraiekin jarriko baitira harremanetan ondorengo asteetan.

Egitasmo hau Landagipuzkoa+ plan estrategikoaren lau oinarrietako bat da, Gipuzkoako Foru Aldundiak landa eremu eta herri txikietan dagoen desorekari aurre egiteko martxan jarritako egitasmoa 2015-2019 legealdirako. Egitasmo honetarako, legealdi osoan zehar 25 milioi euroko baliabideak bideratuko dira. Plana 2 esparruetan gauzatuko diren 4 programa ezberdinetan banatzen da: 2.500 biztanle arteko herrietan ekonomia suspertzeko proiektu estrategikoak garatu eta banda zabal ultra azkarra hedatu, eta Gipuzkoako landa eremu osoan, baserri bideak konpontzeko plana eta argi indar sarea berritzeko proiektua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa